Sionismoa (Sion muinoaren izenetik eratorria, Jerusalem hiriko muino hori Israelgo Lurralde osoaren sinekdoketzat hartuta) mugimendu nazionalista eta proiektu kolonialista bat da. XIX. mendean sortu zen, Palestinan juduentzat estatu bat eratzeko helburuarekin; izan ere, judu tradizioan, eskualde horri Israelgo Lurraldea deritzo. Israelgo estatua sortu zenez geroztik, «Israelgo estatua garatzea eta babestea» aldezten du sionismoak.
Sionismoa XIX. mendearen amaieran agertu zen Erdialdeko eta Ekialdeko Europan. Mugimendu antolatua zen aldetik, Theodor Herzl austro-hungariar kazetaria izan zen fundatzailea, ustez, urte haietan Europan zehar ibili zen olatu antisemitari erantzuteko. Haren adierazleetako bat Dreyfus afera izan zen. Mugimendu horren helburua Palestina okupatzea eta kolonizatzea izan zen, eta helburu nagusia Israelgo Estatuaren sorrerarekin lortu zuen 1948an.
Sionismoa nazionalismo modernoaren fenomenorik zabalenaren adarretako bat da. Sionismoa liberazio nazionaleko mugimendu gisa definitzen da, baina haren helburua palestinar nazio eta herria ezabatzea da, nagusiki europar jatorrikoak ziren juduentzako etnoestatu bat ezartzeko. Mundu osoko giza eskubideen erakundeek ideologia eta proiektu kolonialista hau salatzen dute.
Historia
Munduan zehar sakabanatutako juduek beti izan zuten agindutako lurraldera itzultzeko nahia, baina itzultze hori erlijioari eta mesias askatzailearen etorrerari zegokion gehienbat, eta XIX. mendea arte ez zuen eragin politikorik izan, garai hartako mugimendu nazionalistetan inspiratu zenean. 1850etik aurrera, antisemitismoak gora egin zuenean, Moses Hessek, Leo Pinskerek eta Hirsch Kalischerek integrazioari uko egin eta burujabetza Palestinan bakarrik iritsi zitekeela aldarrikatu zuten eta ideia hori zabaldu zuten Europa osoan. Errusian juduek bizi zuten jazarpenari erantzunez erakunde judu batzuk sortu ziren, sionismoaren aitzindaritzat jo daitezkeenak: Hoveve Zion, Hibath Zion, Bilu. Azken erakunde horretako kide batzuek juduen lehenengo koloniak ezarri zituzten Palestinan 1882an. 1895ean Theodor Herzlek Estatu judua saiakeran sionismoaren oinarriak jarri zituen: juduek eta jentilek ezin zuten elkarrekin bizi, estatu judu bat sortu beharra zegoen, arrazaz eta erlijioz hebrearra izango zena. Estatu hori Argentinan edota Ugandan sortzen saiatu ziren, baina antzinako erreinu juduak zeuden Palestinan ezartzea erabaki zuten, garai hartan Otomandar Inperioaren esku.
1897an Lehen kongresu sionista egin zen Basilean, eta Herzlen ideiak onartu zituen. Hala ere, sionismoak izan zituen aurkariak juduen artean: rabi ortodoxo batzuek tradizioaren aurkakoa iritzi zioten sionismoari, eta orduan sortutako alderdi sozialista judu batzuek sionismoaren zenbait ideia arbuiatu zituzten. XX. mendearen hasieran sionismoak indar handia hartu zuen; Nazio Banku Judua (1901) eta Nazio Funts Judua (1903) sortu zituen, Palestinan lursailak erosteko; 100.000tik gora kide bildu ziren erakundean eta Palestinan finkatutako judu kopuruak gora egin zuen. Agintari turkiarrek erraztasunak jarri zizkieten juduei Palestinan ezartzeko, diru asko mugitzen baitzuten, oso aberatsa ez zen lurralde hartan. Aldi berean sionistak harreman diplomatikoetan zebiltzan estatuburuekin eta finantzari handiekin, eta judu-diasporaren laguntza handia izan zuten.
1917an Britainia Handiko gobernuak Palestinan estatu bat sortzeko eskubidea aitortu zien juduei Balfour-en adierazpenaren bidez. Hala ere, Lehen Mundu Gerra amaitzean, talde erradikal sionistek borroka armatuari ekin zioten britainiarren aurka, hauek oldeka zetozen etorkin juduen etorrera murriztu nahi baitzuten.
1929an Judu Agentzia sortu zen, judu administrazio burujabearen oinarriak antolatzeko: batzorde nazionala, erakunde militarrak, alderdi politikoak, sindikatuak. Sionismoak, ordea, ez zuen aintzat hartzen Palestinako arabiarren burujabetza nahia. 1933an, nazien eta sionisten arteko Haavara hitzarmenak Alemaniako juduek Palestinara migratzeko bidea ireki zuen. Bigarren Mundu Gerran nazien eskutik juduek jasan zuten esetsaldiaren ondorioz, oldeka ihes egin zuten, eta asko eta asko Palestinara abiatu ziren. 1947an, NBEk erabaki zuen Palestina zatitzea bi estatutan, bata judua eta bestea palestinarra. 1948an, britainiarrak Palestinatik alde egitekoak zirenean, Ben Gurionek Israelgo estatuaren independentzia aldarrikatu zuen, eta horrek sionistek palestinarren aurkako garbiketa etnikoa egitea ekarri zuen. Israelgo alderdi politiko batzuek (Haolam-Hazeh, Rakah, Matzpen) sionismoaren nazionalismoa eta inperialismoa gaitzetsi zituzten, eta arabiarren zapalkuntza salatu zuten. Geroztik, sionismoa Israelgo estatuaren ideologia ofiziala da.
Sionismo motak
Sionismoak zenbait ideologia ditu, eta horietako batzuek gaur egun alderdi politikoak eratzen dituzte Israelgo Estatuan:
Sionismo sozialista
1900 urtearen inguruan, Mugimendu Sozialista izan zen juduen arteko sionismoaren etsai nagusia Ekialdeko Europan. Judu askok judaismoa utzi zuten komunismoaren alde edo budismoaren alde. Mugimendu judu sozialista horrek Ekialdeko Europan autonomia judua eskatzen zuen, eta yiddisha juduen hizkuntza ofizial gisa sustatzea.
Sionista sozialista asko Errusiakoak ziren jatorriz. Gizarte antisemitek zapalduta mendeak igaro ondoren, juduak obedientziara mugatu ziren, ahulak, eta, zoritxarrez, antisemitismoa jarraitzera gonbidatu zituzten. Juduek beren egoeratik ihes egin zezaketela zioten, beren herrialdeko nekazari, langile eta soldadu bihurtuz. Sozialisten sionismoaren teorialari nagusiek Moses Hess, Nahum Syrkin, Dov Ber Borojov eta Aaron David Gordon hartzen dituzte, eta mugimenduko pertsonaia garrantzitsuenen artean David Ben-Gurion eta Berl Katznelson daude.
Sionismo orokorra
Sionismo orokorra, hasiera batean, Munduko Erakunde Sionistako kideek erabili zuten terminoa izan zen, fakzio jakin bati edo alderdi jakin bati lotu gabe zeudenak, eta beren herrialdeetako erakunde sionistenak baino ez ziren. Urteak igaro ahala, sionista orokorrek ere erakunde ideologikoak sortu zituzten eta Sionista Orokorren Erakundea osatu zuten, 1922an mugimendu sionistaren erdigune gisa ezarria. Sionista orokorren aginduetan Basileako estiloko sionismoa sartzen zen, jarrera ideologikorik gabea, hau da, sionismoa nagusitzen zen interes klasista, alderdikoi edo pertsonal ororen gainetik.
Sionismo erlijiosoa
Zvi Hirsch Kalischerrek bultzatuta, estatu judua sortzeko idealak eta erlijioa lotzen ditu. Hau da, oinarri erlijiosoak zituen Estatu bat zuzentzea eta Israelgo lurralde osoan finkatzea, Salomonen erregealdiak ezartzen zuen bezala. Gaur egun, Erlijioko Alderdi Nazionalaren (Mafdal) ordezkari dira.
Kristau sionismoa
Kristau-sionismoa zera da: kristau batzuen artean sinestea, juduen herria Lur Santura itzultzea eta Israelgo Estatuan, biblikoa betetzea. XX. mendearen erdialdean hasi zen erabiltzen, kristau-berrezarkuntzaren ordez.
Katolizismoak tradizionalki ez zion arreta handirik jarri sionismoari, baina mugimendu horrek laguntza handia jaso du kristau komunitate protestantearengandik.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
- Pappé, Ilan. «Sionismoaren kolapsoa» Argia 2024-07-24 (kontsulta data: 2025-10-12).
