- Artikulu hau Trebiñuko udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Trebiñu (argipena)».
Trebiñu (ofizialki Condado de Treviño) Burgos probintziako (Gaztela eta Leon, Espainia) ipar-ekialdeko udalerri bat da, Gasteizen hegoaldera dagoena. Udalak zenbaitetan izenaren balizko bertsio elebiduna —Condado de Treviño/Trebiñuko Konderria— erabiltzen du; baina Euskaltzaindiak Udalaren izen ofizialaren euskal ordaina Trebiñu Konderria dela zehaztu du.
260,71 kilometro koadro eta 1.479 biztanle ditu (2023), hainbat herrixkatan banaturik. Geografikoki Araban egon arren eta bere biztanle gehienek Arabako parte izatearen aldarria hainbatetan azaldu arren, administratiboki Burgosko parte da. Argantzonekin batera Trebiñuko barrendegia osatzen du. Udalerri burua izen bereko herria da.
Izena
Trebiñu izenaren jatorriari buruzko hainbat teoria daude, baina onartuena —Julio Caro Barojarena— erromatarren garaiko trifinium (hiru muga) hitzetik datorrela da, bertan kokatzen baitzen barduliar, karistiar eta autrigoi tribuen arteko muga. Hala ere, toponimo hori herria bera deitzeko erabiltzen zen hasieran, eta ondoren hedatu zen eskualde osora. Hori baino lehen, eskualdearen izena Uda zen.
Geografia





Ingurune naturala eta klima
Erliebea
Trebiñuko erliebeak ez du garaiera handiko mendirik, baina oso gorabeheratsua da ia udalerri osoan. Ihuda ibaiaren arroaren goiko aldean egonik, mendilerroz inguraturik dago mendebaldean eta hego-mendebaldean izan ezik. Erliebea berdintzen den toki nagusia Añastro inguruak dira, ipar-mendebaldean, Argantzonekin muga egiten duen tokian.
Udalerriko tontorra Butxisolo mendia da (1.146 m), Kapilduiren mendigunean, ipar-ekialdean. Punturik baxuena, berriz, udalerriko mendebaldeko ertzean Zadorra ibaiak muga egiten duen tokian dago, Erriberabeitia udalerriko Manzanos eta Trebiñuko Burgeta herrien artean (470 metro).
Mendilerro nagusia Gasteizko mendiak dira: iparraldeko muga ia modu perfektuan markatzen dute. Garaiera txikiagoa du mendebaldean; ekialderantz joz gero, mendi apur bat garaiagoak daude. Bertako mendi nagusietako batzuk hauek dira, mendebaldetik ekialdera: Iruña Oka, Gasteiz, Trebiñu eta Argantzon arteko muga laukotzetik gertuko San Migel (943 m), Bustuko gana (978 m), Zaldiaran (978 m), Arrieta (1.000 m), El Puerto (922 m), Landarraga (963 m), Escalera (1.000 m), Pagogan (1.029 m), Gasteiz, Bernedo eta Trebiñu elkartzen diren lekutik ez oso urruneko Zalbizkar (1.046 m) eta Butxisolo.
Udalerriaren ekialdean, Ihuda ibaiaren lehen ibaiadarrak Bernedoko udalerriaren baitan daude, nahiz eta geografikoki Trebiñuko haran berean egon. Izartza, Okina, Urarte, Markiz eta Arluzea herrien lurrak dira. Eskualde horretako hegoaldean, aldiz, Trebiñuko udalerria Izki ibaiaren bailaran sartzen da, hain zuzen Obekuri eta Baxauri herrien inguruan.
Hegoaldeko mugetan Zabalateko mendilerroa eta Jaundengo mendilerroa osatzen duten zenbait mendi daude. Horrela, hego-mendebaldean, muga politikoak eta arroaren mugak bat egiten duten aldean, bi mendi nagusi daude Zabalateko mendietan: Urizar (836 m, Berantevilla, Trebiñu eta Zanbrana udalerrien arteko muga hirukoitzetik hurbil) eta Moratza (1.058 m, Zanbrana, Trebiñu eta Urizaharra elkartzen diren puntutik gertu). Ekialderantz, geografikoki Ihuda ibaiaren arroaren zati diren, baina aldi betean Urizaharreko udalerrikoak diren hiru herri daude Zumentu, Baroja eta Faidu. Zonalde horretan muga politikoaren inguruneak itxuratzen duten hainbat muino daude: Zabala (794 m), Bigarramendi (725 m), Krutzia (787 m), Los Valletes (877 m) eta Urkiza (846 m), besteak beste. Jarraian, Trebiñu eta Arabako mendialdearen arteko muga politikoa Jaundengo mendilerroak osatzen duen muga topografikora hurbiltzen da berriz. Hor, La Rasa (977 m), Jaunden (1.035 m) eta Avellano (964 m) mendiak daude.
Udalerriko mendebaldean beste bi mendilerro daude, Ihuda ibaiaren bi alboetan, ibaia udalerritik irteten den ingurunean. Ibaiaren ipar-mendebaldean San Formerioko mendilerroa dago: gailurra San Formerio (752 m) mendia da, hain zuzen udalerriaren patroia denaren baseliza dagoen tokia; eta hego-ekialdean Cogollako mendilerroa dago, Cerro (901 m), La Culebra (885 m) eta La Cogolla (874 m) muinoekin.
Hidrologia
Ihuda ibaia Bernedo udalerrian, Izartza eta Okina herriak kokatutako ibarrean jaiotzen da, eta azken herri hori iparraldetik hegoaldera zeharkatu ondoren, berehala Trebiñun sartzen da Saseta paretik. Segidan, hegoalderantz doa eta Urarten, Arluzea eta Markizko Molino errekaren urak jasotzen dituen lekuan, mendebalderantz egiten du.
Ondoren, udalerria zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera, hurrengo herrietatik oso gertu: Paritza, Albaita, Fuidio, Samiano, Torre, Argote, Franku, Trebiñu. Azkenik, Burgeta parean udalerritik irten eta Berantevillan sartzen da.
Trebiñu herria bera Ihuda ibaiaren ertzean dago, muino baten pean. Ibaiaren adar nagusiak, Trebiñuko udalerriaren barruan, hauek dira: iparraldetik Saratsu, Ibia, Askartza eta Arrieta ibaiak; hegoaldetik Barruntia eta Riorrojo ibaiak.
Mendebaldeko muturrean, Zadorra ibaiak muga egiten du Trebiñu eta Erriberagoitia eta Erriberabeitia artean.
Trebiñun urtegi nagusi bat dago, Arrietako urtegia, batez ere nekazaritza lurrak ureztatzeko erabiltzen dena. Bertako urak muinoetan estrategikoki kokatutako erregulazio baltsen bidez banatzen da nekazarien artean.
Landaredia
Trebiñuko landaredia hiru faktore nagusik baldintzatzen dute:
- Mendilerroen kokapena eta horrek kliman duen eragina.
- Nekazaritza.
- Higadura.
Trebiñuko mendilerroak ekialdetik mendebaldera luzatzen dira, nagusiki ipar-mendebaldekoak diren haizeen aurrean hesi modura jokatuz. Hori dela eta, itsasotiko euri-fronteek euria mendien ipar isurialdean uzten dituzte gehienbat, eta hegoaldeko mazeletara prezipitazio gutxiago iristen da, Foehn efektuaren ondorioz. Horren eraginez, mendietako iparraldean hezetasun gehiago behar dituzten basoak daude: pagadiak eta hariztiak, eta hegoaldean, artadiak, karraskalak eta erkameztiak. Baxauri eta Obekuri inguruetan ameztiak daude, alboko Izkiko natura parkean bezala.
Ihuda ibaiaren eta bere adarren ibarretako lurrak nekazaritzarako luberritu ziren, eta orain udalerriaren azalera gehienean laboreak ereiten dira. Hala ere, XX. mendeko nekazaritza krisiaren eraginez, lursail asko, batez ere gune malkartsuetan daudenak, utzi egin dira. Toki horietan landaredia leheneratzen hasi da, eta ipurudiak, sastrakadiak eta txilardiak sortu dira. Beste toki batzuetan, udalerriko muino askotan adibidez, mota bereko landaredia dago, baina kasu horietan higaduraren eraginez da.
Mendiko gune batzuetan, Gasteiz mendietan, abeltzaintzarako erabiltzen diren larreak eta belardiak daude. Bestalde, Gasteiz mendietan eta Izki inguruko mendietan zura ekoizteko egin diren baso landaketak ikus daitezke.
Klima
Trebiñu klima ozeanikoaren eta klima mediterraneoaren arteko trantsizio gunean dago, Araba gehiena bezala. Gehiago zehaztuz, Trebiñuko klima submediterraneoa da, alegia, klima epela baina iparralderago baino euri gutxiagorekin.
Udalerriaren garaieraren ondorioz, tenperaturak iparralderago eta hegoalderago baino apur bat baxuagoak dira oro har. Bestalde, itsasotik hurbil ez dagoenez, klimak ezaugarri kontinentalak edukitzea eragiten du, hau da, oszilazio termikoa itsasotik hurbilagoko eskualdeetan baino handiagoa da urtean zehar.
2008tik 2011ra (3 urte) Trebiñu herriko estazio meteorologikoan egin diren neurketen batez bestekoak hauek dira:
| | |||||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
| Batez besteko tenperatura (ºC) | 4.04 | 5.04 | 7.47 | 10.85 | 13.34 | 16.39 | 19.02 | 19.09 | 15.7 | 12.01 | 7.9 | 4.1 | 11.2 |
| Pilatutako prezipitazioa (mm) | 83.5 | 80.6 | 55.8 | 80.7 | 73.2 | 80.3 | 25.0 | 8.1 | 60.7 | 117.9 | 110.0 | 136.4 | 912.2 |
| Iturria: Gaztela eta Leongo Junta | |||||||||||||
Kontuan izan balio hauek ez direla oraindik esanguratsuak, normalean 30 urteko datuak erabiltzen baitira batez bestekoak kalkulatzeko. Prezipitazioari dagokionez, fidagarriagoa izan daiteke Gasteizko eta Miranda de Ebroko estazioen datuei erreparatzea, Trebiñun bien arteko balioa baitago. Gasteizen batez beste urtean 823 mm prezipitazio botatzen du, eta Mirandan 521 mm.
Udalerri mugakideak
Trebiñuko udalerria Ihuda ibaiaren haranean dago, eta ibaiaren arroa izan da, hain zuzen, udalerriaren mugak hein handi batean baldintzatu dituenak.
Muga naturalak dira iparraldean, Gasteizko mendien mendilerroa, ekialdean, Izkiko mendien ingurua eta hegoaldean, Ihudaren arroa ixten duen Jaundengo mendilerroa. Trebiñutik iparraldera Gasteiz udalerria dago. Ekialdera berriz, Bernedo. Hegoaldean eta ekialdetik mendebaldera, Arabako Mendialdeko Lagran munizipioa, Urizaharra, Lagran eta Lañuko Arabako lur komunalak eta Urizaharra udalerria kokatzen dira.
Mendebaldean ere, udalerriaren muga, oro har, Zadorra ibaiak zehazten du. Ipar-mendebaldeko izkinean ordea, Argantzon udalerria kokatua dago, zeinek ibaiaren bi ertzak okupatzeaz gain, Trebiñuko lurrak eta Zadorra urruntzen ditu. Ibaiaren beste aldean, Añanako kuadrillako Erriberagoitia eta Erriberabeitia daude.
Hego-mendebalderantz, berriz, muga ez da horren naturala, Trebiñuk Zadorra eta Ihuda ibaien beheko atalaren arroetan kokaturik dauden Armiñon, Berantevilla eta Zanbrana udalerriekin muga egiten baitu.
Honako udalerri hauek ditu mugakide: Argantzon, Iruña Oka, Gasteiz, Bernedo, Lagran, Urizaharra, Zanbrana, Berantevilla, Armiñon, Erriberabeitia eta Erriberagoitia.
Historia



Historiaurrea
Udalerriko lurretan Paleolito garaiko hondakinak aurkitu izan dira. Lañu herriko Mendiguri izeneko tokian Behe Paleolitoko Acheulear kulturako tresneria aurkitu da. Torre herriko Murba aztarnategian, berriz, Erdi Paleolitoko Mousteriar kulturakoak diren hondarrak aurkitu dira. Kasu honetan, aire zabaleko lantegi bat zen, harrizko tresnak egiteko erabiltzen zena.
Mesolitoan sartuta (duela 10.000 urte), Saseta inguruetan dagoen Mendandia aztarnategia aipatu behar da. Oso aztarnategi garrantzitsua, bertan harrizko tresnen 18.000 hondar eta zeramikako zatien 1.000 hondar aurkitu baitira. Toki honetan bi arotako aztarnak daude, zaharrenak Mesolitokoak eta berrienak Neolitokoak, orain dela 7.200-6.400 urte ingurukoak. Bigarren multzo honetan daude zeramikako piezak, datazioen arabera Iberiar penintsulako lehenak direnak.
Neolitokoak dira (duela 6.000 urtekoak) Sanmartinzar herriko San Quilez inguruan aurkitu diren aztarnak. Kasu honetan hileta-tumuluak dira aurkitutakoak. Hileta-tumulu hauen egiturak eta inguruko lurretako (Arabako Lautada eta Errioxa) hileta-tumuluenak oso desberdinak dira, baina bi eskualde horien artean zegoen hutsune bat bete zuten. Halaber, zenbait ehorzketatako hondakinak eta etxeko hornidura gutxi batzuk ere berreskuratu ziren.
Lehen indoeuroparrak
Goi Brontze Aroan (Kristo aurreko 1.000 urte inguruan) eskualdera lehen tribu indoeuroparrak iritsi ziren, eta haiekin batera, metalurgia iritsi zen. Talde nagusia zeltak izan ziren, K. a. 800. urte inguruan. Kultura honen bereizgarri diren kastroak eraiki zituzten Santuste (Ozilla) eta San Formerio (Pangua) bezalako gune garaietan, babes modura.
Erromatarrak iritsi zirenerako, dirudienez Trebiñuko populazioan bi kultura bizi ziren elkarrekin: jatorrizkoa, glaziazioen ondoren kantauriar kostaldetik bertaratu zena; eta indoeuropar jatorrikoa, herrixketan bizi zena, kultura material aurreratuagoa zuena, eta jatorrizko populazioaren gainean nolabaiteko nagusitasuna zuena.
Antzinako Erroma
Erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira Argoten eta Uralden. Sasoi hartan Trebiñu Burdigala (Bordele) eta Asturica Augusta (Astorga) lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren eta inguruko hiri handiena zen Veleiaren eraginaren pean zegoen, eta bertan asentamendu erromatar txikiagoak sortu ziren. Dirudienez, sasoi hartakoa da Trebiñu toponimoaren jatorria izan daitekeen trifinium hitza, baina orduan bailarako herri nagusia deitzeko soilik erabiltzen zen, ez bailara osoa. Trifinium hitzak eskualdean hiru tribuk (karistiarrek, barduliarrek eta autrigoiek) muga egiten zutela esan nahi du, itxura batean.
Argoten K.o. I. mendetik V. mendera arte egon zen erromatarren presentzia. Etxeko tresnen hondarrak aurkitzeaz gain, dolium eta amphora izeneko edukiontziak, eta eraikuntzarako materialak aurkitu ziren. Horrez gain, aldare-harri bat ere aurkitu da. Urarten, bestalde, zenbait hondakindegi aurkitu ziren, nekazaritzara dedikatutako establezimendu nahiko handi batenak izan daitezkeenak, I. mendetik V. mendera arte okupatuta egon omen zena. Etxeko hornidurak, eraikuntzarako materialak, animalien hondarrak, etab. aurkitu ziren bertan.
Goi Erdi Aroa
Goi Erdi Aroan datatutako aztarnategien artean, ezagunena Lañuko Las Gobas eta Santorkaria izeneko guneetan existitzen diren koben multzoa da. Herri honetako haitz labarretan gizakiak eginiko koba batzuk existitzen dira, eta bere jatorriari buruzko hipotesi tradizionala Erdi Aroan sortutako mugimendu zenobitikoaren ondorioz ermitauen bizileku zirela izan da. Agustin Azkaratek 2007an gidatutako lanetan, hala ere, beste hipotesi batzuk indar gehiago zutela ondorioztatu zuen. Alde batetik, kokagunearen sorrera VII. mendean omen dago, eta hainbat mendez erabili zen, IX. mendearen amaieran utzi egin ziren arte. Harrian egindako koba hauen inguruetan beste eraikin batzuen aztarnak aurkitu dira, mendi mazeletan. IX. mendetik aurrera kobak bizileku modura utzi eta hilerri gisa erabiltzen hasi ziren. Bertako bizilagunak Lañu herria sortu zutenak izango omen ziren. Beren funtzioari dagokionez, ez da baztertzen haietako koba batzuk ermitauen bizileku izatea, baina kasu gehienetan baserritarren asentamenduak zirela ondorioztatu da. XVI. mendean berriro okupatu ziren, orduan nekazaritzarako erabilera emateko.
Udalerriaren mendebaldeko beste herri batzuetan eta ingurukoetan ere sasoi honetan okupatuta egon ziren koba artifizialak aurkitu dira: Faidun, Sarratxon, Urarten eta Markizen.
Goi Erdi Aroaren hasieratik, Erromatar Inperioaren erorketaren ondoren, jadanik ez da antzinako tribuez hitz egiten kronika zaharretan, eta Trebiñu eta Araban bizi den jendeari buruz aritzean, baskoiez hitz egiten da. Aro honetan eskualde osoa bazterreko kokapenean geratu zen, iparraldean bizi ziren frankoen eta hegoaldean zeuden bisigodoen artean, eta euskararen presentzia asko indartu zen. Donemiliagako goldea agirian ageri den Trebiñuko herrien izenetan ikusten denez, XI. mendean Trebiñuko herri askoren izenek euskal jatorria zuten, batez ere udalerriaren ekialdekoek. Trebiñuko aipamena (eskualdeak Rigo de Ivita, egungo euskaran "Ihuda ibaia", izena dauka dokumentu horretan) hauxe da:
«Rigo de Ivita, XXXV regas: Prango et Prango, duas regas. Armendihi una rega. Atazaval; una rega. Betruz, una rega. Argote, una rega. Sancti Meiano, una rega. Torre, una rega. Sancti Martini, una rega. Galbari, una rega. Cimentu, una rega. Barolha, una rega. Loza, una rega. Alma, una rega. Paldu, una rega. Mesanza, una rega. Savastian, una rega. Bergilgona, una rega. Langu, una rega. Guzkiano, una rega. Guzkiano de suso, una rega. Bustia, una rega. Gogate, una rega. Agellu, una rega. Pudio, una rega. Barizahaza, una rega. Sagassaheta, una rega. Orzalzan, una rega. Uarte, una rega. Marquina de iuso, una rega. Carrelucea, una rega. Marquina de Suso, una rega. Bassahuri, una rega. Hobecori, una rega. Hassarte, una regga.»Trebiñuren fundazioa
XI. eta XII. mendeetan Udako lurraldea Nafarroako erresumaren mende egon zen. 1161. urtean Antso Jakituna Nafarroakoak eman omen zion hiribildu titulua. Hala izatekotan, Nafarroako Erresumaren hiribildu arabar zaharrena litzateke. Aipatutako muinoaren gailurrean, gaur egun telekomunikazio-antena andana jasotzen dituen horretan, Nafarroako Erresumaren gaztelu bat zegoen, 1199. urteko eraso gaztelarrak konkistatu ezin izan zuena. Fundazio hau Nafarroaren eta Gaztelako Erresumaren arteko tirabiretan ulertu behar da, sasoi hartan eskualdea mugako tokian baitzegoen.
1200an Gaztelako Alfonso VIII.ak Nafarroako mendebaldean sartu eta Gipuzkoa eta Araba anexionatu zituen. Trebiñuren kasuan, erasoa pairatu zuen, baina gaztelauek ez zuten lortu hura konkistatzerik. Orduan Antso VII.a Nafarroakoak eta Gaztelako erregeak ituna egin zuten, eta Trebiñu Gaztelaren esku geratu zen Nafarroak Miranda Arga, Mendavia, Larraga eta beste herri batzuk mantentzearen truke.
Konderriaren sorrera eta Arabako Ermandadea
1366ko apirilaren 8an Henrike II.a Gaztelakoak Pedro Manrique I.a Larakoari eman zizkion dohaintzan Udako lurraldeak, jaurerri gisa goberna zezan. 1453an Pedro Manriqueren birbiloba batek, Diego Gómez Manriquek, Trebiñuko konde izendapena jaso zuen Gaztelako erregearengandik.
1417an Trebiñuk, Gasteizek eta Agurainek ermandade baten sorrera sustatu zuten, nobleziaren gehiegikerien eta gaizkileen aurka egiteko. Arabako lehen ermandadea izan zen hau. Hala ere, batasun honek ez zuen iraun eta laster desegin zen. Arabako Ermandadea sortzeko behin betiko saialdia 1458an izan zen, baina orduan Trebiñuk ez zuen parte hartu eta, horrela, gaur egungo Arabako probintziaren ernamuina izan zenetik kanpo geratu zen.
XIX. mendea
XIX. mendearen lehen erdialdean Trebiñu Burgosko probintzian sartu zuten. Sasoi horretan probintziak sortzeko hainbat saio egin ziren Espainian. Azkenik, 1833. urtean gaur arteko banaketa administratiboa izango zena egin zen, eta horretan Trebiñuko konderria, Argantzonekin batera, Burgosko probintziaren mende geratu zen.
XIX. mendean Trebiñu Gerra Karlisten jokaleku izan zen bi aldiz. Lehen Gerra Karlistan, Zumalakarregik Trebiñu hartzeko setioa antolatu eta bi eguneko erasoen ondoren menderatu zuen, 1835eko maiatzaren 11n. Hirugarren Gerra Karlistan, 1875eko uztailaren 7an, Trebiñuko gudua deitu zena izan zen, oso ospetsua egin zena zalditeriaren oldarraldiagatik.
Espainiako Gerra Zibila
Espainiako Gerra Zibilean Trebiñu nazionalen aldean geratu zen, Araba bezala, eta frontetik urruti. Horren ondorioz, ez zituen zuzenean pairatu guduak. Hala ere, nazionalen errepresioa jasan behar izan zuten errepublikaren aldeko trebiñarrek.
Añastron 3 lagun hil zituzten, besteak beste herriko medikua eta maisua (Godofredo Colina, Antonio Paredes eta Luis Velasco). Dordonizen 4 lagun hil zituzten 1936ko abuztuan: Angel Corcuera Puelles, Gregorio Corcuera Echevarria, Jeronimo Ortiz eta Jesús Velasco. Trebiñu herrian sei izan ziren hildakoak: Ricardo Landa, Alejandro Landa, Fortunato Arrieta, Fausto Arrieta, Moises Ruiz Monje eta Vicente López Moraza.
Ekonomia

Trebiñu nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako eskualdea izan da tradizionalki. Gaur egun sektore horren garrantzia gero eta txikiagoa da, eta beste fenomeno bat sortu da ekonomiari dagokionez: gero eta trebiñar gehiagok udalerritik kanpo egiten dute lan, batez ere Gasteizen. Barrendegi osoko langileen % 73k Gasteizen egiten du lan, %22k barrendegian, % 2k EAEko beste toki batzuetan eta % 2k Burgosko beste toki batzuetan, batez ere Miranda de Ebron.
1999ko nekazaritza zentsuaren arabera, Trebiñun 212 nekazari eta abeltzain ziren. Horietatik, gazteak (34 urte arte), 28 ziren soilik. Nekazariak langile guztien % 14 dira, langile arruntak % 21 dira eta enplegatuak % 33 dira.
Trebiñarren lan jarduera honela zegoen banaturik 2007ko ikerketa baten arabera:
| Jarduera | Ehunekoa |
|---|---|
| Bere kabuz lanean | % 21 |
| Besteren kontura | % 45 |
| Langabe | % 4 |
| Etxeko lanak | % 5 |
| Ikaslea | % 11 |
| Erretiratua | % 14 |
Diru-sarrerak
2023. urtean, biztanle bakoitzeko batez besteko errenta garbia 15.415 euro-koa zen, eta etxegune bakoitzeko 32.750 euro-koa. Balio hori probintziako batez bestekoaren (15.988 euro) azpitik dago, eta Espainiako batez bestekoaren (15.036 euro) gainetik. Kontsumo-unitateko errentaren mediana (etxeguneen tamaina eta osaera kontuan hartzen dituen neurria) 21.350 euro zen. Errenta gordina 19.392 euro-koa izan zen pertsonako.
Diru-sarreren iturri nagusia soldata da, guztizkoaren % 75,7. Gainerako iturriak: pentsioak (% 13,2), beste diru-sarrerak (% 8), langabezia-prestazioak (% 1,4), beste prestazioak (% 1,6).
Desberdintasuna
Errentaren banaketaren desberdintasuna neurtzeko Gini indizea erabiltzen da. Udalerrian indizea 28,8 da, probintziakoaren (28,5; Burgosko mapa) parean eta Espainiakoaren (32,1) azpitik. P80/P20 zatidurak, hau da errenta-banaketaren 80. eta 20. pertzentilen arteko zatidura, 2,4 da, probintziakoaren (2,4; Burgosko mapa) parean eta Espainiakoaren (2,8) azpitik.
Jarduera ekonomikoa
INEren 2024ko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuaren arabera, Condado de Treviño udalerrian biztanleria aktiboa (okupatuak eta langabeak) 892 pertsona ziren, hau da, 16 urte edo gehiagoko biztanleriaren % 70,7; gainerako % 29,3 inaktibo zeuden (erretiratuak % 55,3, beste inaktiboak % 26,8 eta ikasleak % 17,9).<ref name="ine-harremana">{{erreferentzia|argitaletxea=INE|izenburua=Población de 16 y más años por sexo, lugar de nacimiento (España/extranjero) y relación con la actividad (agrupado) (Municipios de 500 habitantes o más)|lana=Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|url=https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=66846%7Chizkuntza=es}}</ref> Aktiboen artean, langabezia-tasa % 4,7 zen. Sexuaren arabera, gizonezkoen jarduera-tasa % 74,8 zen eta emakumezkoena % 65,7; langabezia-tasa, aldiz, % 3,1 eta % 7,0 zen, hurrenez hurren.<ref name="ine-harremana" />
Okupatuen kopurua 828 zen 2023ean, 2021eko 774etik gora.<ref name="ine-jarduera">{{erreferentzia|argitaletxea=INE|izenburua=Ocupados de 16 y más años por sexo y actividad económica (1 letra) (Municipios de 500 habitantes o más)|lana=Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|url=https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=69992%7Chizkuntza=es}}</ref> Emakumeek okupatuen % 40,0 osatzen dute, eta gizonek % 60,0.
| Egoera | Guztira | % | Gizonak | % | Emakumeak | % |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Okupatuak | 850 | % 67,4 | 507 | % 72,5 | 343 | % 61,0 |
| Langabeak | 42 | % 3,3 | 16 | % 2,3 | 26 | % 4,6 |
| Inaktiboak | 369 | % 29,3 | 176 | % 25,2 | 193 | % 34,3 |
| Guztira | 1.261 | % 100,0 | 699 | % 100,0 | 562 | % 100,0 |
Jarduera-sektoreak
Jarduera-sektoreei dagokienez, okupatuak honela banatzen dira: zerbitzuak (% 60,1), industria (% 22,5), nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza (% 9,1) eta eraikuntza (% 8,3).<ref name="ine-jarduera" /> Xeheago, jarduera-adarrik handiena manufaktura-industria da (% 21,7), ondoren merkataritza (% 13,9) eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza (% 9,1) datoz.
Okupazioa eta lan-egoera
Okupazio-mailari dagokionez, langile kualifikatuak eta maila baxuko ofizialak dira talderik ugariena, okupatuen % 58,0; ondoren, zuzendariak eta goi eta erdi mailako teknikariak daude (% 22,3), eta oinarrizko okupazioak % 11,5.<ref name="ine-okupazioa">{{erreferentzia|argitaletxea=INE|izenburua=Ocupados de 16 y más años por sexo, lugar de nacimiento (España/extranjero) y ocupación (agregada) (Municipios de 500 habitantes o más)|lana=Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|url=https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=69998%7Chizkuntza=es}}</ref> Bi sexuetan langile kualifikatuak dira nagusi (gizonen % 61,8 eta emakumeen % 52,3).
| Okupazioa | Guztira | % | Gizonak | % | Emakumeak | % |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Zuzendariak eta goi eta erdi mailako teknikariak | 185 | % 22,3 | 88 | % 17,7 | 97 | % 29,3 |
| Langile kualifikatuak eta maila baxuko ofizialak | 480 | % 58,0 | 307 | % 61,8 | 173 | % 52,3 |
| Oinarrizko okupazioak | 95 | % 11,5 | 54 | % 10,9 | 41 | % 12,4 |
| Ez dago jasota | 68 | % 8,2 | 48 | % 9,7 | 20 | % 6,0 |
| Guztira | 828 | % 100,0 | 497 | % 100,0 | 331 | % 100,0 |
Okupatuen % 75,5 besteren konturako langileak dira, eta % 24,5 norberaren konturakoak.<ref name="ine-egoera">{{erreferentzia|argitaletxea=INE|izenburua=Ocupados de 16 y más años por sexo y situación profesional (Municipios de 500 habitantes o más)|lana=Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|url=https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=69993%7Chizkuntza=es}}</ref>
| Lan-egoera | Guztira | % | Gizonak | % | Emakumeak | % |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Norberaren kontura | 203 | % 24,5 | 140 | % 28,2 | 63 | % 19,0 |
| Besteren kontura | 625 | % 75,5 | 357 | % 71,8 | 268 | % 81,0 |
| Guztira | 828 | % 100,0 | 497 | % 100,0 | 331 | % 100,0 |
Jaiolekuaren arabera
Jarduera
16 urte edo gehiagokoen % 91,7 estatuan jaio zen, eta % 8,3 atzerrian.<ref name="ine-harremana" /> Jarduera-egoerak alde nabarmenak ditu jatorriaren arabera. Estatuan jaiotako gizonen artean, % 72,0 okupatuak dira, % 18,7 erretiratuak, % 3,7 ikasleak, % 2,8 langabeak eta % 2,8 bestelako inaktiboak; atzerrian jaiotakoen artean, berriz, % 73,9 okupatuak dira, % 19,6 bestelako inaktiboak, % 4,3 langabeak eta % 2,2 ikasleak. Emakumeen kasuan, estatuan jaiotakoen artean % 59,7 okupatuak dira, % 16,7 erretiratuak, % 9,9 bestelako inaktiboak, % 8,1 ikasleak eta % 5,6 langabeak; atzerrian jaiotakoen artean, berriz, % 61,4 okupatuak dira, % 22,8 bestelako inaktiboak, % 7,0 ikasleak eta % 7,0 langabeak.
Okupazioa
Okupatuen % 91,7 estatuan jaio zen, eta % 8,3 atzerrian.<ref name="ine-okupazioa" /> Okupazio-egiturak alde nabarmenak ditu jatorriaren arabera. Estatuan jaiotako gizonen artean, % 60,0 langile kualifikatu edo maila baxuko ofizial dira, % 18,1 zuzendari edo goi eta erdi mailako teknikari eta % 11,4 oinarrizko okupazioetakoak; atzerrian jaiotakoen artean, berriz, % 85,3 langile kualifikatu edo maila baxuko ofizial dira, % 11,8 zuzendari edo goi eta erdi mailako teknikari eta % 2,9 oinarrizko okupazioetakoak. Emakumeen kasuan, estatuan jaiotakoen artean % 51,7 langile kualifikatu edo maila baxuko ofizial dira, % 29,7 zuzendari edo goi eta erdi mailako teknikari eta % 12,8 oinarrizko okupazioetakoak; atzerrian jaiotakoen artean, berriz, % 57,1 langile kualifikatu edo maila baxuko ofizial dira, % 25,7 zuzendari edo goi eta erdi mailako teknikari eta % 8,6 oinarrizko okupazioetakoak.
Jarduera-sektoreak
Jarduera-egiturak alde nabarmenak ditu jatorriaren arabera.<ref name="ine-jarduera-jaiolekua">{{erreferentzia|argitaletxea=INE|izenburua=Ocupados de 16 y más años por sexo, lugar de nacimiento (España/extranjero) y rama de actividad (Municipios de 500 habitantes o más)|lana=Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|url=https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=70000%7Chizkuntza=es}}</ref> Estatuan jaiotako gizonen artean, % 45,1 zerbitzuetan ari dira, % 29,8 industrian, % 13,6 nekazaritzan eta % 11,4 eraikuntzan; atzerrian jaiotakoen artean, berriz, % 55,9 zerbitzuetan ari dira, % 35,3 eraikuntzan eta % 8,8 industrian. Emakumeen kasuan, estatuan jaiotakoen artean % 80,7 zerbitzuetan ari dira, % 14,5 industrian eta % 3,7 nekazaritzan; atzerrian jaiotakoen artean, berriz, % 88,6 zerbitzuetan ari dira, % 5,7 industrian, % 2,9 eraikuntzan eta % 2,9 nekazaritzan.
Lehen sektorea
Nekazaritza
2020ko Nekazaritza Erroldaren arabera, udalerrian 148 nekazaritza-ustiategi zeuden, eta guztira 10.809 hektarea nekazaritzako azalera erabilgarri (NAE) lantzen zuten. Udalerriaren azalera 260,7 km² denez, NAE lurraldearen % 41,5 da. Lur-erabileraren arabera, NAEren % 89,6 lur goldagarria (9.689 ha, 143 ustiategitan), % 10,3 larre iraunkorrak (1.113 ha, 19 ustiategitan), arbolak (6,4 ha, 7 ustiategitan) eta norberaren kontsumorako baratzeak (0,8 ha, 31 ustiategitan).
Abeltzaintza
2020ko Nekazaritza Erroldaren arabera, udalerriko abeltzaintza-ustiategietan 194 behi, 442 ardi eta ahuntz, 216 txerri eta 30 hegazti zeuden.
Ibilgailu-parkea
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) 2025eko datuen arabera, udalerrian 1.104 gidari zeuden erroldatuta: 658 gizon (% 59,6) eta 446 emakume (% 40,4). Biztanleen % 75 gidatzeko gai zen.
Ibilgailu-parkea 1.889 ibilgailuk osatzen zuten: 1.204 turismo, 202 motozikleta, 182 furgoneta, 143 kamioi eta 36 ziklomotor. Motorizazio-tasa 1.000 biztanleko 818 turismokoa zen, probintziako batez bestekoaren (555) gainetik.
Turismoen batez besteko adina 13,5 urtekoa zen; turismoen % 9,6k 4 urte baino gutxiago zituen, eta % 14,6k 25 urte baino gehiago. Erregaiari dagokionez, ibilgailuen % 59,2 diesel zen eta % 38,8 gasolinazko; 23 ibilgailu elektrifikatu zeuden (% 1,2; probintzian % 0,6). Ingurumen-bereizgarriari dagokionez, ibilgailuen % 6,2k zuen 0 edo ECO etiketa, eta % 36,8k ez zuen etiketarik.
Banaketa administratiboa
Trebiñu udalerriaren barnean hainbat herri edo biztanlegune daude:.
- Agilu.
- Albaita.
- Añastro.
- Araiko.
- Arana.
- Argote.
- Armentia.
- Arrieta.
- Askartza.
- Axarte.
- Baxauri.
- Billa Tobera.
- Burgeta.
- Bustu.
- Dordoniz.
- Doroñu.
- Franku.
- Fuidio.
- Golernio.
- Grandival.
- Imiruri.
- Kutxu.
- Ladrera.
- Lañu.
- Marauri.
- Mesantza.
- Moraza.
- Morgas.
- Moskator.
- Obekuri.
- Ogeta.
- Ozana.
- Ozilla.
- Pangua.
- Paritza.
- Pedruzo.
- Samiano.
- San Esteban.
- San Martin Galbarin.
- San Vicentejo.
- Sanmartinzar.
- Saratsu.
- Saseta.
- Taravero.
- Torre.
- Trebiñu.
- Uzkio.
- Zurbitu.
Baita hainbat herri desagertu ere:
- Artzeña, Arceyna (1025), Arceynna (1257), Arzeña (XVI. mendea), Arceina edo Arceña.
- Arna.
- Atazabal, Atazaval (1025) edo Atezabal.
- Bergilgona (1025) edo Berguisona (1257).
- Bustia (1025).
- Caricedo, XX. mendean hustu zen herria, egungo Billa Tobera kontzejuko lurraldean.
- Cassicedo edo Cassizedo (1025)
- Dueso edo Doso.
- Fachart.
- Faidu edo Faido.
- Franco de Yuso.
- Galbari.
- Granado edo Granao.
- Gueruca.
- Gurbandiz edo Gurrandiz.
- Lezana.
- Meana.
- Nunuri.
- Orzalzan.
- Otxate.
- Piedrahita.
- Pociela.
- San Vicente.
- Sabastian.
- Taraita.
- Uralde.
- Uribarri.
- Valderrutia.
- Zahar.
Demografia
Bere kokapen geografikoagatik, Trebiñu beti izan da eskualde ia erabat nekazaria. Hala ere, XX. mendeko industrializazio prozesuak ez ziren oharkabean igaro biztanleriari dagokionez, baina ez zentzu positiboan, negatiboan baizik: Trebiñuko herrixketako jende asko garapen lekuetara —besteak beste, Gasteiza— aldatu zen lan hobearen bila. Despopulazio prozesu honetan eragina izan zuen, baita ere, nekazaritzaren munduan XX. mendearen erdialdean gertatu zen iraultzak, eta batez ere mekanizazioak, lehen eskulan asko behar zen tokian langileak soberan egotera igaro baitzen.
XX. mendetik eta XXI.era bitarteko aldaketaren bueltan, Miranda de Ebrorekin eta batez ere Gasteizekin lotzen zituen errepideak hobetzean, Gasteizko etxebizitzen prezioak neurrigabeki haztean eta automobil pribatua ugaritzean, Trebiñu biztanleria erakartzen hasi zen. Hala ere, biztanle berri horietako gehienek ez zuten bertan lan egiten, eta nahiz eta Trebiñuko erroldan egon, bizia (lana, haurren eskola, erosketak, aisialdia...) udalerritik kanpo egiten zuten.
Jatorria
Jaiolekuari dagokionez, 2025. urtean biztanleen % 17,7 udalerri berean jaioak ziren, probintziako batez bestekoaren (% 46,8) azpitik. Beste erkidego batzuetan jaiotakoak % 67,7 dira, eta espainiar estatutik kanpo jaiotakoak % 8,4 —probintzian % 14,4—.
Biztanleria atzerritarra
Espainiar estatutik kanpo jaiotako 122 biztanleren artean, gehienak Amerikan jaioak dira (% 68). Jaiotza herrialde nagusiak Kolonbia, Portugal, Argentina dira.
Etxebizitza
INEren 2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuaren arabera, udalerrian 2.437 etxebizitza zeuden: 665 (% 27,3) nagusiak eta 1.772 (% 72,7) ez-nagusiak.<ref name="INE-59525">{{erreferentzia|izenburua=Etxebizitzak udalerrika eta motaren arabera|lana=2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|argitaletxea=Espainiako Estatistika Institutua|url=https://www.ine.es/jaxi/Tabla.htm?tpx=59525%7Chizkuntza=es%7Curtea=2021}}</ref> Kontsumo elektrikoaren arabera, 277 (% 11,4) noizbehinkako erabilerakoak ziren eta 757 (% 31,1) hutsik zeuden.<ref name="INE-59531">{{erreferentzia|izenburua=Etxebizitzak erabilera-intentsitatearen arabera (kontsumo elektrikoa)|lana=2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|argitaletxea=Espainiako Estatistika Institutua|url=https://www.ine.es/jaxi/Tabla.htm?tpx=59531%7Chizkuntza=es%7Curtea=2021}}</ref>
Etxebizitza multzoa Burgosko mapa
Erabilera-intentsitatea (kontsumo elektrikoa) Burgosko mapa
Guztira 665 etxegune zeuden, eta horietatik 283 (% 42,6) pertsona bakarrekoak ziren.<ref name="INE-59543">{{erreferentzia|izenburua=Etxeguneak udalerrika eta tamainaren arabera|lana=2021eko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|argitaletxea=Espainiako Estatistika Institutua|url=https://www.ine.es/jaxi/Tabla.htm?tpx=59543%7Chizkuntza=es%7Curtea=2021}}</ref>
Etxeguneak tamainaren arabera
Hezkuntza-maila
INEren 2024ko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuaren arabera, udalerrian 15 urte edo gehiagoko 1.276 biztanle zeuden. Lortutako ikasketa-mailarik altuenari dagokionez, goi-mailako ikasketak zituztenak % 33,5 ziren; bigarren hezkuntzako bigarren etapa (batxilergoa edo erdi-mailako lanbide-heziketa) zutenak % 27,5; bigarren hezkuntzako lehen etapa (DBH edo antzekoa) zutenak % 27,0; eta lehen hezkuntza edo gutxiago zutenak % 12,0.<ref name="ine-ikasketa-maila">{{erreferentzia|argitaletxea=INE|izenburua=Población de 15 y más años por sexo, lugar de nacimiento (España/extranjero) y nivel de estudios (Municipios de 500 habitantes o más)|lana=Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|url=https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=66621%7Chizkuntza=es}}</ref> Goi-mailako ikasketak zituztenen proportzioa % 33,5 zen 2021ean eta % 33,5 2024an; beraz, ia aldatu gabe mantendu zen. Lehen hezkuntza edo gutxiago zutenena, berriz, % 13,1 izatetik % 12,0 izatera pasatu zen. Sexuaren arabera, goi-mailako ikasketak zituztenak emakumeen artean % 37,2 ziren, eta gizonen artean % 30,6; 6,6 puntuko aldea, emakumeen alde. Lehen hezkuntza edo gutxiago zutenak, berriz, emakumeen % 13,2 eta gizonen % 11,0 ziren. Azken alde hori, neurri handi batean, adin-egituraren isla izan ohi da: adineko biztanleen artean emakumeak gehiago dira, eta belaunaldi horietan ohikoagoa zen ikasketak goiz uztea.
Xeheago, goi-mailako ikasketak zituztenen % 52,1 unibertsitate-tituludunak ziren (gradua, diplomatura, lizentziatura, masterra edo doktoretza), eta % 47,9 goi-mailako lanbide-heziketakoak. Guztira, 5 pertsonak zuten doktore-titulua. Bigarren etapakoen artean, batxilergoa zutenak % 43,0 ziren, eta erdi-mailako lanbide-heziketa zutenak % 57,0. Ikasketarik gabekoak, azkenik, 15 urte edo gehiagoko biztanleen % 0,6 ziren.<ref name="ine-ikasketa-maila" />
| Ikasketa-maila | Guztira | % | Gizonak | % | Emakumeak | % |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Goi-mailako ikasketak | 428 | % 33,5 | 216 | % 30,6 | 212 | % 37,2 |
| Bigarren hezkuntzako bigarren etapa | 351 | % 27,5 | 198 | % 28,0 | 153 | % 26,8 |
| Bigarren hezkuntzako lehen etapa (DBH) | 344 | % 27,0 | 214 | % 30,3 | 130 | % 22,8 |
| Lehen hezkuntza edo gutxiago | 153 | % 12,0 | 78 | % 11,0 | 75 | % 13,2 |
| Guztira | 1.276 | % 100,0 | 706 | % 100,0 | 570 | % 100,0 |
| Urtea | Goi-mailakoak | Batx. / erdi LH | DBH | Lehen H. edo gutx. | 15 urte edo + |
|---|---|---|---|---|---|
| 2021 | % 33,5 | % 24,9 | % 28,4 | % 13,1 | 1.199 |
| 2022 | % 33,6 | % 25,5 | % 28,4 | % 12,5 | 1.223 |
| 2023 | % 32,5 | % 27,1 | % 28,5 | % 11,9 | 1.260 |
| 2024 | % 33,5 | % 27,5 | % 27,0 | % 12,0 | 1.276 |
Ikasten ari direnak
2024an, 15 urte edo gehiagoko biztanleen % 8,9 ikasten ari zen (113 pertsona).<ref name="ine-ikasten">{{erreferentzia|argitaletxea=INE|izenburua=Población de 15 y más años por sexo, lugar de nacimiento (España/extranjero) y nivel de estudios en curso (Municipios de 500 habitantes o más)|lana=Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|url=https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=66627%7Chizkuntza=es}}</ref> Ikasten ari zirenetatik, % 44,2 goi-mailako ikasketetan zebilen, % 28,3 batxilergoan, % 19,5 erdi-mailako lanbide-heziketan eta % 8,0 DBHn edo antzekoetan. Sexuaren arabera, ikasten ari ziren emakumeen % 47,9 goi-mailako ikasketetan zebilen, eta gizonen % 38,1; erdi-mailako lanbide-heziketan, aldiz, gizonen % 23,8 eta emakumeen % 16,9. Adinaren arabera, 15–19 urtekoen % 86,3 ikasten ari zen, 20–24 urtekoen % 41,4 eta 25–29 urtekoen % 12,8; 30 urtetik gorakoen artean, berriz, % 1,3 baino ez.<ref name="ine-ikasten-adina">{{erreferentzia|argitaletxea=INE|izenburua=Población de 15 y más años por sexo, edad (grupos quinquenales) y nivel de estudios en curso (Municipios de 500 habitantes o más)|lana=Biztanleria eta Etxebizitza Zentsua|url=https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=66629%7Chizkuntza=es}}</ref> 20–24 urtekoen artean, emakumeen % 43,2 ari zen goi-mailako ikasketak egiten, eta gizonen % 14,3.
Jaiolekuaren arabera
2024an, 15 urte edo gehiagoko biztanleen % 90,8 estatuan jaio zen, eta % 9,2 atzerrian.<ref name="ine-ikasketa-maila" /> Ikasketa-egituran badira aldeak jatorriaren arabera. Estatuan jaiotako gizonen artean, goi-mailako ikasketak zituztenak % 31,4 ziren eta lehen hezkuntza edo gutxiago zutenak % 10,7; atzerrian jaiotakoen artean, berriz, % 20,8 eta % 15,1, hurrenez hurren. Estatuan jaiotako emakumeen artean, goi-mailako ikasketak zituztenak % 38,5 ziren eta lehen hezkuntza edo gutxiago zutenak % 13,0; atzerrian jaiotakoen artean, berriz, % 26,6 eta % 14,1, hurrenez hurren.
Ikasten ari zirenei dagokienez, 2024an estatuan jaiotako 15 urte edo gehiagokoen % 9,1 ari zen ikasten, eta atzerrian jaiotakoen % 6,0.<ref name="ine-ikasten" /> Ikasten ari zirenen artean, goi-mailako ikasketetan zebiltzanak % 42,5 ziren estatuan jaiotakoetan eta % 71,4 atzerrian jaiotakoetan. Konparazio hauek ez daude adinaren arabera doituta: talde bakoitzaren adin-egiturak (gazteen proportzioak, batez ere) eragin handia du emaitzan.
Beraz, Trebiñuko udalerrian, barrendegi osoan bezala, jendeen hiru multzo aski desberdin bereiz daitezke:
- Bertan jaiotakoak, gaur egun biztanleriaren laurdena dena, gehienek bertan lan egiten dutenak, nekazaritzan, eta 50 urtetik gora dutenak.
- XXI. mendearen hasieran Gasteiztik iritsitakoak, gehienak 30-50 urte bitarteko bikoteak eta haien seme-alabak, oro har Gasteizen lan egiten dutenak.
- Bigarren multzokoak baino lehenago iritsi zirenak eta haien seme-alabak, biztanleriaren herena inguru.
Politika

1995eko udal hauteskundeak
1995an PPko Ernesto Argote hautatu zuten alkate.
1998ko apirilean, Ernesto Argote alkateak dimisioa aurkeztu zuen eta PPtik baztertu zen, urte bereko martxoaren 8an Trebiñuko auziari buruzko kontsulta bat antolatu eta egin ondoren, bere alderdiak egin zizkion kritikengatik. Alkatearekin batera, udalbatzarrean PPk zituen beste hiru zinegotziek ere beraien postuak utzi zituzten.
Horren ondorioz, hiru zinegotzi independenteetako bat, Javier Villareal, jarduneko alkate bilakatu zen.
1999ko udal hauteskundeak
1999ko ekainaren 13ko hauteskundeetan lortutako gehiengo absolutuaren ondorioz Juan Carlos Aguillo izendatu zuten alkate. Trebiñu Araban sartzearen aldeko Agrupación Electoral Independiente (AEI) elkartearen lau botoekin atera zen garaile. Alderdi Popularrak 3 zinegotzi lortu zituen.
2003ko udal hauteskundeak
2003ko udal hauteskundeetan, Trebiñu Araban integratzearen aldeko Agrupación Electoral Independiente Condado de Treviño (AEICT) hautes-elkarteak bost zinegotzi lortu zituen eta PPk, lau. Beraz, Juan Carlos Aguillok alkate segitu zuen.
2007ko udal hauteskundeak
2007an PPk lau zinegotzi eskuratu zituen; AEICT taldeak, hiru; eta PSOEk eta EAEk, bana. Hori zela eta, PPko Inmaculada Ranedo izan zen alkate.
2011ko udal hauteskundeak
2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, PPk 3 zinegotzi lortu zituen, Agrupación Ciudadanos Condado de Treviño (ACUDE) taldeak 2 zinegotzi, AEICT elkarteak beste 2 zinegotzi, EAJk eta Bilduk zinegotzi bana. Aurreko alkateak legegintzaldiaren hasieran ACUDE elkartearekin gobernu akordio bat lortzea nahi izan zuen arren, talde honen alkatetza lortzeko eskaerak ez zuen aukera hau posible egin. Beraz, PPko Inmaculada Ranedok jarraitu zuen alkate, bere partiduaren botoei esker.
2012ko abenduan AEICT, Ciudadanos del Condado (CDC) eta Bilduren zinegotziek zentsura mozioa aurkeztu zuten alkatearen kontra, eta haren ondorioz, AEICT taldeko Ignacio Portilla hautatu zuten alkate. AEICT, CDC eta Bildu Trebiñu Araban integratzearen aldekoak dira, eta arrazoi hori izan zen ekimenaren arrazoi nagusietako bat. Alkate berriak Trebiñu Arabara batzeko prozesua hasiko zuela esan zuen lehen adierazpenetan.
Horrela, 2013ko martxoaren 8an, bozketa bidez, Burgostik bereizteko eta Araban sartzeko tramiteak hasteko eskatu zuen udalbatzak, aldeko 6 botorekin eta 3 abstentziorekin.
2014ko otsailaren 6an Eusko Legebiltzarran Trebiñuk Arabarekin bat egiteko eskaera Espainiako Kongresura eramateko eskaera onartu zen, EAJ, EH Bildu eta PSEren aldeko eta PPren aurkako bozkekin. 2014ko abenduaren 27an, berriz, PPko bi zinegotzik dimisioa eman zuten Trebiñun.
2015eko udal hauteskundeak
2015eko udal hauteskundeetan zazpi talde aurkeztu ziren: 2011n alkatetza lortzen saiatu ziren guztiak (PP, AEICT, CDC, PSOE eta EAJ), gehi EH Bildu (Bilduren ordez) eta Condado para Todos (CPT) izeneko berri bat. Inmaculada Ranedok (PP), Ignacio Portillak (AEICT) eta Ernesto Argotek (CDC) beren alderdien buru izaten segitu zuten. Aldi berean, PSOEren izenean Javier Mardones eta EH Bilduren partez Iker Garcia de Eulate aurkeztu ziren lehen aldiz goiko postuan. Azkenik, aurreko hauteskundeetan EAJren zinegotzia izandako Roberto Bajos CPT elkarte berriaren buru gisa agertu zen. Horren ondorioz, EAJko lehen postua Enrique Barbadillok bete zuen.
Alderdi Popularrak botoen erdia eta zinegotzi bat galdu zituen, bi lortuz, herritarren hautes-elkarteen onurarako. CDC eta AEICT alderdiei dagokienez, bakoitzak beste bi zinegotzi lortu zituen. Bestalde, EAJ, EH Bildu eta CPT alderdiek eserleku bakarra lortu zuten. CDC elkarteko Ernesto Argote hautatu zuten alkate.
Hala ere, 2016ko abenduan, Ernesto Argote alkateak bere postua utzi zuen, Arabako eta Burgosko aldundiek hasitako elkarrizketetan ez zelako lurraldetasunaren gaia eztabaidatuko, eta gai hori barrendegiko alderdientzat funtsezkoa zelako. Egun batzuk geroago udalbatzarreko AEICT talde independenteko burua zena, Ignacio Portilla, alkatearen salaketari batu zitzaion, bere dimisioa aurkeztuz. Hori zela eta, CDC alderdiko Elena Ramirezek hartu zuen kargua.
2019ko udal hauteskundeak
2019ko hauteskundeetara zazpi talde aurkeztu ziren berriro, 2015ean aurkeztutako guztiak, PSOE izan ezik, gehi beste berri bat. Lehenengo aldiz Trebiñuko udalerrian Herritarrak - Herritarron Alderdia (C's) aurkeztu zen. Aurreko udal hauteskundeekin konparatuz, ia zerrenda guztietako buruak aldatu ziren. Horrela, Adolfo Estavillo (CDC), Maria Eugenia Galarreta (AEICT), Enrique Barbadillo (EAJ), Oscar Arbaizar (PP), Ritxar Astegieta (EH Bildu), Roberto Bajos (CPT) eta Jose Maria Ruiz (C's) izan ziren bere alderdien zerrendetako lehenak.
EAJ alderdiak botoak irabazi zituen eta berdinketa hirukoitza gertatu zen CDC, AEICT eta EAJ taldeen artean. Bi zinegotzi lortu zituen alderdi bakoitzak. Alderdi Popularrak zinegotzi bat galdu zuen eta EH Bilduk eta CPT elkarteak bereei eutsi zieten. EAJ alderdiko Enrique Barbadillok eskuratu zuen alkatetza, AEICT hautes-elkartearen eta Bildu alderdiaren botoei esker.
2023-2027 legegintzaldia
| 2023ko hauteskundeen ondorengo Trebiñuko udalbatza | |||||
| Alderdia | 2023ko maiatzak 28 | ||||
| Zinegotziak | Boto kopurua | ||||
| Treviño Dia a Dia (TDD) | 3 / 9 |
193 (% 28,10)
| |||
| Agrupacion Independiente Condado de Treviño (AICT) | 2 / 9 |
119 (% 17,32)
| |||
| Alderdi Popularra (PP) | 2 / 9 |
99 (% 14,41)
| |||
| Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 1 / 9 |
97 (% 14,12)
| |||
| Euskal Herria Bildu (EHB) | 1 / 9 |
96 (% 13,97)
| |||
| Condado Para Todos (CPT) | 0 / 9 |
43 (% 6,26)
| |||
| Herritarrak-Herritarron Alderdia (C's) | 0 / 9 |
20 (% 2,91)
| |||
| Vox (Vox) | 0 / 9 |
20 (% 2,91)
| |||
| Datuen iturria: Junta Electoral Central (Gaztelaniaz) | |||||
Alkateak
Hauek izan dira Trebiñuko azken alkateak:
| Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia | |
| Alfredo Gonzalo Ochoa / Alfredo Gonzalez Ochoa | 1979 | 1983 | Zentro Demokratikoaren Batasuna | |
| Abel Oraá Bajos | 1983 | 1987 | Independenteak | |
| Jesus Dulanto Martinez | 1987 | 1991 | Agrupacion Independiente Condado de Treviño | |
| Ernesto Argote Roa | 1991 | 1995 | Alderdi Popularra | |
| Ernesto Argote Roa | 1995 | 1998 a | Alderdi Popularra | |
| Javier Villareal(Jarduneko alkatea) | 1998 | 1999 | Agrupacion Electoral Independiente Condado de Treviño | |
| Juan Carlos Aguillo Ramirez | 1999 | 2003 | Agrupacion Electoral Independiente | |
| Juan Carlos Aguillo Ramirez | 2003 | 2007 | Agrupacion Electoral Independiente Condado de Treviño | |
| Inmaculada Ranedo Gomez | 2007 | 2011 | Alderdi Popularra | |
| Inmaculada Ranedo Gomez | 2011 | 2012 b | Alderdi Popularra | |
| Ignacio Portilla Moraza | 2012 | 2015 | Agrupacion Independiente Condado de Treviño | |
| Ernesto Argote Roa | 2015 | 2016 c | Ciudadanos del Condado | |
| Elena Ramirez Izquierdo | 2016 | 2019 | Ciudadanos del Condado | |
| Enrique Barbadillo Ayala | 2019 | 2022 d | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
| Adolfo Estavillo Musitu | 2022 | 2023 | Ciudadanos del Condado | |
| Adolfo Estavillo Musitu | 2023 | Jardunean | Treviño Dia a Dia | |
| 2027 | 2031 | |||
a 1998ko apirilean Ernesto Argote Roa alkateak dimisioa aurkeztu zuen eta PPtik baztertu zen.
b 2012ko abenduan zentsura-mozio batek Inmaculada Ranedo Gómez alkatetzatik bota zuten.
c 2016ko abenduan Ernesto Argote Roa alkateak dimisioa aurkeztu zuen.
d 2022ko uztailean Enrique Barbadillo Ayala alkateak dimisioa aurkeztu zuen.
Garraioa
Araba Bus sareko eta lineek ematen diote zerbitzua herri honi:
Araba Bus
| Zerbitzua | Hasiera | Ibilbidea | Amaiera |
| 7 | Gasteiz (geltokia) |
Gasteiz (Bastiturri) • Gasteiz (epaitegiak) • Gasteiz (unibertsitatea) • Armentia Trebiñu • Argote • Albaita • Baxauri • Obekuri • Navarrete • Bernedo • Villafria • Villaverde | Lagran |
| 9 | Gasteiz (geltokia) |
Gasteiz (Bastiturri) • Gasteiz (epaitegiak) • Gasteiz (unibertsitatea) • Armentia Trebiñu • Argote • Albaita • Baxauri • Obekuri • Navarrete • Bernedo • Meanuri • Meano • Ekora • Oion • Logroño (Portales) Gasteiz (Bastiturri) • Gasteiz (epaitegiak) • Gasteiz (unibertsitatea) • Armentia Trebiñu • Urizaharra • Leza (ospitalea) • Guardia • Guardia (hotel-gasolindegia) • Logroño (Portales) |
Logroño (geltokia) |
Gainera, Eskualdeko Garraioa sareak lau linea ditu udalerrian:
Eskualdeko Garraioa
| Zerbitzua | Hasiera | Ibilbidea | Amaiera |
| 16 | Armentia T. Trebiñu |
Arluzea • Markiz • Saseta • Urarte • Paritza • Lañu • Albaita • Fuidio • Faidu • Mesantza • Samiano • San Martin Galbarin • Torre • Argote • Axarte • Agilu • Marauri • Ogeta • Saratsu • Pedruzo • San Vicentejo • Imiruri • Uzkio | Armentia T. Trebiñu |
| 17 | Armentia T. Trebiñu |
Billa Tobera • Tobera • Santurde • Mijancas • Ozana • Araiko • Grandival • Burgeta • Pangua • San Esteban • Morgas • Bustu • Ozilla-Ladrera • Zurbitu • Golernio • Mea • Doroñu • Arrieta • Askartza • Kutxu • Añastro • Uralde • Moskator • Dordoniz • Franku • Armentia | Armentia T. Trebiñu |
| 20 | Urizaharra Armentia T. Trebiñu |
Faidu • Pipaon • Lotza • Montoria • Pagoeta • Moraza • Baroja • Taravero • Sanmartinzar • Arana | Urizaharra Armentia T. Trebiñu |
| 21 | Bernedo Armentia T. Trebiñu |
Pipaon • Lagran • Villaverde • Villafria • Durruma Kanpezu • Kinta • Urturi • Angostina • Navarrete • Obekuri • Baxauri • Albaita | Bernedo Armentia T. Trebiñu |
Azpiegiturak
Errepideak
Trebiñun garraiorako modu nagusia automobil pribatua da. Bi errepide nagusik zeharkatzen dute udalerria, gurutze bat osatuz:
- A-2124 errepide probintzialak iparretik hegora zeharkatzen du udalerria. Trebiñuren mendebaldeko eta erdialdeko herriak Gasteizekin lotzen ditu iparralderantz, eta hegoalderantz Errioxaraino iristen da Herrera mendatetik.
- BU-741 errepide lokalak ekialdetik mendebaldera doa, eta Argantzon - Armentia Trebiñu - Bernedo lotzen ditu.
Bi errepide horiek bat egiten dute Armentia Trebiñu herrian, hain zuzen Ventas de Armentia ("Armentiako bentak") izeneko tokian.
Horrez gain, garrantzi gutxiagoko errepideak daude:
- BU-742 errepidea, Gasteiz eta Trebiñu herria Zaldiaran mendatetik lotzen dituena.
- BU-744 errepidea, Kutxu herria eta Miranda lotzen dituena Berantevillatik.
Hezkuntza
Barrendegiko 2007ko datuen arabera, haurren laurdenak (% 25) besterik ez zuen barrendegian bertan ikasten. Gainerakoetatik, gehienek (% 67k) Gasteizen ikasten zuten, % 5ek Mirandan, eta % 2k beste zenbait lekutan.
Bi eskola daude Trebiñun. Bata 0 eta 3 urte arteko haurtzaindegia da eta Armentiako urbanizazio batean dago. Hezkuntza elebiduna eskaintzen du (gaztelania-euskara). Bestea Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola da (3 urtetik 12 urtera artekoa), Trebiñu herrian bertan dago eta hezkuntza elebiduna (gaztelania-ingelesa) eskaintzen du.
Bigarren Hezkuntza jasotzeko, Trebiñuko gazteek Gasteizera edo Mirandara jo behar dute.
Osasuna
Trebiñu herrian osasun zentroa dago, baita farmazia bat ere. Azken urteetan hitzarmenak sinatu dira Arabaren eta Trebiñuren artean, Trebiñuko barrendegiko biztanleek Arabako ospitaleetan eta, oro har, EAEko osasun sisteman artatuak izan daitezen.
Kultura

Euskara
2012ko azterketa soziolinguistikoaren arabera, Trebiñuko biztanleen % 21,5 elebidunak ziren urte horretan eta % 16 elebidun hartzaileak. Elebiduntasunaren joera goranzkoa da, 2007an, % 14,5 elebidun eta % 12 elebidun hartzaile baitziren, hurrenez hurren. Aurreko azterketak, 2002an egindakoak, zehaztu zuen orduan Trebiñuko enklabeko herritarren % 10ek soilik hitz egiten zekiela euskaraz, eta % 8 zela elebidun hartzailea.
Datu eta joera horiek bat datoz Araban gertatzen ari den berreuskalduntzearekin.
Ondasun nabariak
Argazki galeria






Ikus, gainera
- Araba
- Arabako udalerrien zerrenda
- Argantzon
- Burgosko udalerrien zerrenda
- Trebiñu (barrendegia)
- Trebiñuko auzia
- Urizaharra, Lagran eta Lañuko Komunitatea
