Inge de Bruijn (Barendrecht, Herbehereak, 1973ko abuztuaren 24a) herbehereeretar igerilari erretiratua da, abiadura-probetan aditua, eta zortzi olinpiar domina irabazi zituen, 2000 eta 2004 urteen artean, horietako lau urrezkoak. Gainera, munduko hamar errekor hobetu zituen, eta horietatik denbora luzean mantendu duena da 50 metro estilo librekoa (24,13) eta 100 metroko tximeleta estilokoa (56,61).
Inge de Bruijn munduko kirol-kasurik harrigarrienetako bat da, ibilbide bitxia baitu. 1999. urtea baino lehen maila onargarriko igerilaria zen, Europa mailan garaipenen bat lortu zuen, baina sarritan txapelketa garrantzitsuetan finaletarako sailkatzen ez zena. 1996. urtean iragarri zuen erretiratu egingo zela, eta ez zen joan urte hartako Olinpiar Jokoetara. Gero, beste entrenatzaile batekin agertu zen, eta, igerilari ohi askoren erretiratzeko adina zuenean, bere arrakasta handiak lortzen hasi zen. Arrakasta horiek harrigarriak izan ziren 2000. urtean, hiru hilabetetan munduko hamar errekor hobetu zituen eta. Gainera, 32 urtera arte maila gorenean lehiatzen jarraitu zuen. Adin hori ez zen ohikoa igeriketan jarduten zuten kirolarien artean. Gauzak horrela, ez da harritzekoa dopinaren eta susmoaren itzala gainean zabaldu eta urte horietan guztietan lagun izatea.
Bizitza
Inge txikitan hasi zen igerian, zazpi urterekin. 1987. urteko junior mailako Europako txapelketak izan ziren bere lehen nazioarteko lehiaketa, eta finalista izan zen bere hiru proba gustukoenetan: 50 eta 100 metro libreetan eta 100 tximeleta proban. Horietaz gain, erreleboetan bi domina irabazi zituen. Hurrengo urtean brontzezkoa izan zen 50 eta 100 libreetan txapelketa horretan.
Senior mailan 1991. urteko Perth hiriko mundialetan agertu zen eta 100 tximeletetan finalista izan zen. Gainera, bere lehen domina (brontzezkoa) irabazi zuen 4×100 errelebu libreko talde herbeheretarrarekin. Bere bakarkako lehen dominak Atenasko europarretan lortu zituen urte berean: zilarra 100 tximeleta estiloan eta brontzea 50 metro libreetan, gainera urrezko domina irabazi zuen 4×100 errelebo libreetan eta brontzezkoa 4×100 estiloetan.
Bartzelonan 1992ko Udako Olinpiar Jokoetan hartu zuen parten. 50 metro libreen finalean egotea lortu zuen eta zortzigarren postuan heldu zen hemugara.
Sheffield hiriko europarretan, 1993. urteko Ingalaterran 50 metro libreetan brontzea lortu zuen eta laugarrena izan zen 100 metro tximeleta proban.
1994. urteko Erromako Munduko Txapelketan zazpigarrena izan zen 100 metro tximeleta proban.
1995. urteko Vienako europarretan ere ez zuen dominarik irabazi, tximeleta estiloko 100 probetan eta 50 librean laugarrena izan baitzen.
1996. urtean Atlantako Olinpiar Jokoetan parte hartzeari uko egin zion eta igeriketatik erretiratuko zela iragarri zuen. Hala ere, ustekabean, 1997. urtean itzuli zen, eta Paul Bergen estatubatuarrak entrenatu zuen, laurogeiko hamarkadan AEBko taldea zuzentzean ospetsu egin zenak.
1998. urtean Perth hirian munduko txapelketan parte hartu zuen berriro, eta zazpigarrena izan zen 100 metro tximeleta proban eta zortzigarrena 100 metro librean.
Arrakasta
1999. urtean, behin betiko nabarmendu zen, eta munduko abiadura-lasterkari onenetako bat bihurtu zen. Ekainaren 18an munduko 50 metroetako tximeleta errekorra gainditu zuen 26,54ko denborarekin, bere herrialdeko txapelketetan. Istanbuleko Europako Txapelketetan bere ibilbideko ordura arteko lehiarik onena egin zuen, urrezko bi domina irabazi baitzituen 50 librean eta 100 tximeleta estiloan, Europako errekor banarekin, eta gainera zilarrezkoa 100 metro librean lortu zituen.
1999. urtea ona izan bazen, 2000. urtea askoz nabarmenagoa izan zen. Maiatzean, nazioarteko batean, munduko errekorra hobetu zuen Monakon: 50 metro tximeleta (25,83) eta Europakoa 100 metro tximeleta (57,96). Baina handik gutxira gauza harrigarria egin zuen: munduko hiru errekor hobetu eta laugarren bat berdindu zuen hiru eguneko tartean. 50 tximeleta (24,64), 100 tximeleta (56.69, Jenny Thompsonen errekorra hautsiz) eta 100 metro libre (53.80, 54 segundotik jaitsi zen lehen emakumea izan zen) munduko muga berriak ezarri zituen, eta 50 libreko munduko errekorra berdindu zuen (24,51).
Hurrengo hilabeteetan errekor gehiago bete zituen. 50 metro libreko proba Drachtenen (24,48) eta Rio de Janeiron (24,39) gainditu zuten aurrena. Handik gutxira, Seattlen 100 metro tximeleta erakoa berriro hobetu zuen (56,64). Sidneyko Olinpiar Jokoak iritsi gabe zeuden eta Ingek zazpi munduko errekor hobetu eta zortzigarren bat ere berdindu zuen.
Olinpiar hitzorduan ez zuen hutsik egin. Lehenengo 100 metro tximeleta proban munduko errekorra lortu zuen (56,61), gero beste urre bat 100 metro libre proban munduko errekorraz lortu zuen (53,77), eta hirugarren urrea munduko errekor eta guzti 50 metro libre proban (24,32). Bere emanaldi ahaztezina borobiltzeko, 4×100 errelebo proban jauzia egin zuen bere taldearen azken txandan, zeina seigarren zihoan finalean. Horri esker Herbeherear taldeak zilarrezko domina lortu zuen, Ameriketako Estatu Batuen atzetik.
Hurrengo urtean, 2001. urteko Fukuokako munduko txapelketetan bere nagusitasuna erakutsi zuen berriz ere beste hiru urre lortzean: 50 metro libre, 100 metro libre eta 50 metro tximeleta estiloan.
Bartzelonako 2003ko hurrengo mundialetan, 30 urte beteta zituela, beste bi urrezko domina irabazi zituen, 50 libreetan eta 50 metro tximeleta estiloan.
Igeriketa uztea
Eta igeriketako azken urtean, Atenasen 2004ko Udako Olinpiar Jokoetan 32 urte zituela, lau domina lortu zituen: urrea 50 metro librean (24,58), zilarra 100 metro librean, eta brontzea 100 metro tximeletan eta 4×100 librean.
Inge de Bruijn garai modernoko igerilari bikainenetako gisa pasatu da historiara. Bere fisiko ikusgarriak ere ezaguna egiten lagundu dio.
