Bartleby eskribatzailea: Wall Street-eko istorio bat (inglesez: Bartleby the Scrivener: A Story of Wall Street) Herman Melville idazle estatubatuarraren liburu ezaguna da. Eleberri labur hau, 1853an plazaratua, Melvilleren lan onenetariko bat bezala onartua izan da. Juan Garzia Garmendiak euskaratu zuen 1991an, Bartleby, izkribatzailea bezala; 2016ko edizioan Bartleby eskribatzailea izenburuaz plazaratu zuen.
Historia
Bartleby eskribatzailea bi ataletan argitaratu zen Putnam's Magazine aldizkarian, 1853an. Une hartan anonimo bezala agertu zen. 1856an, aldaketa txiki batzuekin, Melvillek The Piazza Tales liburuan jaso zuen. Liburu berean beste narrazio hauek bildu zituen: «The Piazza», «Benito Cereno», «The Lightning Rod Man», «The Encantadas» eta «The Bell Tower». Bartlebyren historia beste lanetan inspiratua dago: Ralph Waldo Emerson lan batean eta Emersonen The Trascendentalist narrazioan. Hasiera batean narrazio honek ez zuen arrakasta handia izan baina, denboraren poderioz, bere garrantzia onartua izan da.
Argumentua

Bartleby historia narratzen du, baina hirugarren pertsonaz, Wall Streeten (New York) bere bulegoa duen abokatu baten ikuspuntutik. Abokatu horrek oso lan lasaia du eta bulegoan hiru langile ditu; hauek dira haien izengoitiak: Pauma, Artazi eta Jengibre-gaileta. Pauma eta Artazi eskribatzaileak dira eta Jengibre-gaileta hamabi urteko mandataria da. Laugarren langile bat ere behar du bulegoko lana aurrera eramateko, eta hirugarren eskribatzailea kontratatzea erabakitzen du. Horretarako prentsan iragarki bat jartzen du eta lanposturako Bartleby aurkezten da. Momentuan bertan kontratatzen du. Hauxe da Bartlebyren deskribapena: «gizon gazte geldi bat agertu zen», «bere zurbilean txukun, erruki emateko moduko prestu itxuraz, erremediorik gabe zorigaldua!»
Abokatu/narratzaileak leiho ondoko postu batean kokatzen du. Hasieran, Bartlebyk oso langile on gisa jarduten du, baina abokatuak dokumentu bat aztertzeko eskatuta Bartlebyk honako hauxe erantzuten du: «Aukeran, nahiago ez» (jatorriz I would prefer not to) eta eskatutakoa ez du egiten. Hortik aurrera, nahiz eta ohiko lanak ondo egiten jarraitu, abokatuak zerbait eskatzen dionean haren erantzuna beti bera da: «Aukeran, nahiago ez». Une batean Bartlebyk gehiago ez idaztea erabaki eta, ondorioz, kaleratu egiten dute. Edozein moduz, Bartlebyk bulegotik alde egitea ez du onartzen.
Indarrez kaleratu ezin izan duenez, azkenik abokatuak bulegoa beste nonbaitera eramatea erabakitzen du. Bartleby, bitartean, betiko tokian gelditu da eta horrek maizter berrien haserrea pizten du, baina, aitzitik, eskribatzaileak ez du alde egiten. Azkenean, Bartleby, arlote akusaziopean, atxilo hartu eta espetxeratu egingo dute. Bertan gosez hiltzen utziko du bere burua.
Narrazioaren amaieran, abokatuak zera dio: «handik hilabete batzuetara belarrietara zitzaidan zurrumurru izpi bat», «Bartleby Washingtongo Gutun Hilen Bulegoko behe-mailako enplegatu zelarik, bat-batean kendu zuten lanpostutik». Egindako lan horren ondorioz izan zitekeen Bartlebyren jarrera arraroa.
Pertsonaiak
- Narratzailea: adinean sartutako abokatua. Bartlebyren nagusia.
- Pauma: hirurogei urte inguruko eskribatzaile ingelesa.
- Artazi: hogeita bost urte inguruko eskribatzaile.
- Jengibre-gaileta: hamabiren bat urteko legelari-ikasle, mandatari, garbitzaile eta eskobatzailea.
- Bartleby: eskribatzaile zurbila, aukeran nahiago zuena lanik ez egin.
Eragina
Eleberri labur hau existentzialismoaren eta absurdoren literaturaren aintzindaritzat hartu da. Jorge Luis Borgesek, esaterako, eleberri honek Franz Kafkaren liburuak aurreratzen dituela idatzi zuen. Dena dela, ez dirudi Metamorfosia liburuaren egileak narrazio hau ezagutu zuenik. Liburuak beste idazle askorengan eragina izan du: Samuel Beckett, Witold Gombrowicz, Albert Camus...
Edizioak
- 1991: Bartleby, izkribatzailea. Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia. Erein, Bartleby bilduma.
- 2016: Bartleby eskribatzailea. Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia. Erein, 4nak bilduma. ISBN-13: 978-8491090816. ISBN-10: 8491090819.
