factograf
EU

Triceratops

Triceratops

Key facts

altuera3m
honako hau dataxon fosil
masa12 t
izen zientifikoaTriceratops
maila taxonomikoagenero
honako iturriak deskribatzen duSobietar Entziklopedia Handia (1926-1947)
All data from the card 4
Elikadura iturri nagusia
belarjalea
Luzera
9 m
Altuera
3 m
Masa
12 t

Triceratopsa (antzinako grezierazko τρι- / tri- = "hiru", κέρας / kéras ="adar", eta --ωψ / ōps ="aurpegi"; "hiru adarreko aurpegia") Kretazeo Berantiarrean (Maastrichtiar estaian) bizi izan zen dinosauroen generoa izan zen. Belarjalea zen eta Tyrannosaurus rex zuen harrapari nagusia, nahiz eta bien arteko borrokak ez ziren gertatu irudikatu izan diren eran.

Ipar Amerikaren mendebaldean aurkitu dira fosilak, garai hartan Laramidia izeneko uharte-kontinentea zen hartan. 9 m inguru luze egin zitezkeen eta 5,4 tona inguru har zezaketen. Errinozeroaren antzeko muturra eta moko itxurako mutur-punta zuten. Mutur gainean adar bat eta burugainean bi zituzten. Buruaren atzeko aldean haizemaile itxurako hezurrezko ezkutu bat zuten, lepoa babesten ziena. Historian zehar 17 espezie identifikatu izan badira ere gaur egun bi onartzen dira, Triceratops horridus eta Triceratops prorsus.

Historia

1887an aurkituriko fosila; hasieran, Bison alticornis izena eman zitzaion.
1887an aurkituriko fosila; hasieran, Bison alticornis izena eman zitzaion.
1896an egindako eskeleto oso baten ilustrazioa.
1896an egindako eskeleto oso baten ilustrazioa.
Triceratops horridus.
Triceratops horridus.
Triceratops prorsus.
Triceratops prorsus.
4 images

Aurreneko aurkikuntzak

Gaur egun Triceratops gisa identifikaturiko aztarna zaharrena 1887an aurkitu zen George Lyman Cannon-en, Denver (Colorado) inguruan. Garezurraren goialdeari itsatsiriko bi adar ziren. Othniel Charles Marsh paleontologoari bidali zioten fosila eta horrek Pliozenoko bisonte erraldoi baten fosila zela esan zuen. Bison alticornis izena eman zion. Hurrengo urtean, Ceratopsia familiako dinosauroek adarrak zituztela argitaratu bazen ere, Pliozenoko ugaztun baten adarrak zirela esaten segitu zuen. 1888an John Bell Hatcherrek Wyomingo Lace Formazioan garezur osoago bat aurkitzean aldatu zuen iritziz. Edmund B. Wilson cowboyak sakan batean garezur erraldoia aurkitu zuen eta soka botata jasotzen ahalegindu zenean, adarra hautsi zitzaion. Adarra Hatcherrek ikusi zuenean, garezurra aurkitu eta berreskuratu zen. Ceratops horridus izena eman zitzaion. Fosila garbitzean, muturreko hirugarren adarra agertu zen eta Othniel Charles Marshek Triceratops horridus izena eman zion. Orduan konturatu zen berak bisonte gisa identifikaturiko fosila Triceratops batena zela. Espeziearen horridus izenak "zimurra" esan nahi du, gerora pentsatu da triceratops zahar baten fosila izan zitekeela.

Triceratops espezie ugari

Behin Triceratopsa identifikatuta, Hatcherrek beste 31 aurkitu zituen 1889 eta 1891 artean. Fosil berri horietariko askok zenbait aldaera agertzen zituzten hasierako harekiko eta Marshek hainbat espezie zendatu zituen, baita genero berri bat asmatu ere, Sterrholophus.

Marsh hil ondoren, Hatcherrek fosil horiek aztertzeari ekin zion, baina hura ere gaixotu eta Richard Swann Lull paleontologoak ekin zion ikerketari. Lull eta ondorengo ikerlariek fosilen arteko erlazio filogenetikoak eratu zituzten eta espezie kopurua nabarmen gutxitu zuten. Bi multzo eratu zituzten: batetik Triceratops horridus, Triceratops prorsus eta Triceratops brevicornus, garezur handia eta adar txikidunak, eta bestetik, Triceratops elatus eta Triceratops calicornis, adar luzeak zituztenak. Sailkapen horrek 1980ko eta 1990eko hamarkadak arte iraun zuen.

Azken ikerketak

1986an John Ostrom eta Peter Wellnhofer ikerlariek espezie bakarra zela adierazi zuten, Triceratops horridus. Arrazoi nagusia zen aurkitu diren belarjale handien aniztasuna oso txikia dela, genero bakoitzeko espezie bakarra edo bi baino ez. Arrazonamendu horri jarraiki, T.M. Lehmanek aldaeren aniztasuna azaltzeko, dimorfismo sexuala eta adin desberdinak argudiatu zituen, lehen taldekoak emeak zirela eta bigarrenekoak, ar zahar gaixoak.

Handik urte batzuetara, Catherine Forsterrek bi espezie finkatu zituen: Triceratops horridus eta Triceratops prorsus. Garezurraren itxuran bereizten dira biak. Triceratops prorsus espezieak Triceratops horridusek baino mutur motzagoa zuen, sudurreko adar luzeagoa eta begi gaineko adar zuzenagoak.

Triceratops hatcheri aparte geratu zen eta genero berria asmatu: Nedoceratops. 2009an, John Scannella eta Denver Fowler ikerlariek planteamendu berria ontzat eman zuten, Hell Creek Formazioan hainbat estrato geologikotan agertzen zirela frogatuz.

Baliozko espezieak

  • Triceratops horridus (Marsh, 1889) Marsh, 1889 (hasieran Ceratops) - horridus izenak "zimurra" esan nahi du.
  • Triceratops prorsus (Marsh, 1890) - prorsus izenak "aurerra begira" esan nahi du.

Deskribapena

Triceratops horridus (urdina) eta Triceratops prorsus (gorria) dinosauroen tamainak gizakiarekin alderatuta.
Triceratops horridus (urdina) eta Triceratops prorsus (gorria) dinosauroen tamainak gizakiarekin alderatuta.
"Lane" izeneko triceratopsa, ezagutzen den hezurdura osoena.
"Lane" izeneko triceratopsa, ezagutzen den hezurdura osoena.
2 images

Tamaina

7,9 eta 9 metro luze izaten ziren eta 3 metro inguruko garaierakoak. Pisuari dagokionez, 6,1 eta 12 tona artekoak aurkitu dira. Ezaugarri nagusia garezurra dute, lehorreko animalia guztien artean aurkitu den handiena. Esate baterako, Kelsey izeneko Triceratops horridus baten neurriak honako hauek ziren: 7,3 metro luze, bi metroko garezurra, 2,3 metroko altuera eta 6 tonako pisua.

Garezurra

Gorputzarekiko proportzioan tamaina handiko garezurra zuten Triceratopsek. Garezurrak mokoa du aurrealdean, hezur bakarrez osatua, eta atzean, hezur aurremaxilarak, hortzik gabe eta sudurzulo handiekin. Atzean, barailako hezurrak daude, 36-40 haginekin, horietako 3-5 bertikalki ezarriak. Haginak elkarren alboan pilaturik daude, barrura kurbatzen den egitura osatuz. Sudurzuloen gainean adar bat ageri da, batzuetan independenteki osatua.

Garezurraren goikaldean begizulo bakoitzaren gainean metro bateko luzerako adar bana dago. Hezur jugalak beherantz begira daude, epijugalek estalita, baina ez dira oso handiak. Garezurraren atzealdeko hezurrak fusionaturik daude eta geruza bikoitza osatzen dute: horrela eratzen da gola.

Odol hodi ugariren aztarnak aurkitu dira garezur guztian zehar, gaur egungo hegaztien moko keratinotsuetan bezala. Horrek iradokitzen du agian burua keratinaz estalita zeukatela eta hegaztietan keratina koloretsua denez, litekeena da triceratopsaren buruak ere kolore bizia izatea.

Bizkarrezurra

Bizkarrezurrari dagokionez, lepoko hamar orno zituen, bizkarreko hamabi, sakroan hamar eta isatsean, 45. Lepoko aurreneko lau ornoak fusionaturik zeuden eta saihetsak bederatzigarrenetik aurrera hasten ziren agertzen. Sakroko ornoak ere fusionaturik zeuden.

Gorputz adarrak

Espezie bien gorputza sendoa zen, gorputz-adar sendo eta motzekin. Esku bakoitzean hiru apatx zituzten eta oinetan launa. Ibiltzean, apatxak alboetara ateratzen zituzten eta pisu guztia besoetako hiruna apatx horietan finkatzen zuten, laugarren eta bosgarren hatz bestigial bana bazuten ere.

Sailkapena

Triceratops prorsus baten irudi artistikoa.
Triceratops prorsus baten irudi artistikoa.

Ceratopsia barnean, Triceratopsek duten kokapena urteetan zehar eztabaidatua izan da, Centrosaurinae ala Chasmosaurinae taldean sartu. 2010. urtean Sampson et al. taldeak honako sailkapena egin zuen, gaur egun onartuena dena:

Centrosaurinae

Chasmosaurinae

Chasmosaurus

Mojoceratops

Agujaceratops

Utahceratops

Pentaceratops

Coahuilaceratops

Kosmoceratops

Vagaceratops

Anchiceratops

Arrhinoceratops

Ojoceratops

Eotriceratops

Torosaurus

Nedoceratops

Triceratops

Ceratopsidae

Paleobiologia

Triceratops horridus heldua eta kumea.
Triceratops horridus heldua eta kumea.
Triceratops garezurren hazkuntza lerroa.
Triceratops garezurren hazkuntza lerroa.
Triceratops horridus baten garezurra; adar tenteak eta atzean gola haizemaile baten gisa zabal.
Triceratops horridus baten garezurra; adar tenteak eta atzean gola haizemaile baten gisa zabal.
3 images

Kopuruak

Animalia taldekoi gisa irudikatu izan badira ere, ez dago hori baieztatzen duen froga handirik. Horrelako jokaera duten dinosauroen kasuan ohikoa izaten da hezurtegiak aurkitzea, ehundaka edo milaka ale dituztenak, baina Triceratopsaren kasuan gehienez ere familia unitateak aurkitu dira. 2012an Wyomingen tamaina ezberdineko hiru triceratopsen hezurdurak elkarrekin agertu ziren eta hiruretan handienak Tyrannosaurus baten erasoaren markak zituen. 2020an aurkituriko froga berriek erakusten dute triceratopsak bost-hamar aleko taldeetan bizi bide zirela.

Hell Creek Formazioan 200 aletik gora aurkitu ziren eta Barnum Brownek 500 batera aurkitu izana ere aipatu zuen, baina honek soilik erakusten du garaiko belarjale ugariena zela.

Zentzumenak

Anatomia endokranealaren analisiek iradokitzen dute Triceratopsek usaimen eskasa zutela gainerako dinosauroekin konparatuz eta belarriak frekuentzia baxuko soinuak entzuteko egokituta zeudela.

Elikadura

Triceratopsa belarjalea zen. Hortzeria aztertuta, altuera txikiko landareak jaten zituela esan daiteke. Horrela animalia bazkatzen ari zela, burua 45º-ko inklinazioan izaten zuen eta, beraz, adarra zuzen izaten zuenez, babesturik geratzen zen. Dena den, gai ziren adar, moko eta baraila indartsuekin landare altuagoak behera bota eta jateko ere.

Hazkuntza

John R. Horner eta Mark Goodwin ikerlariek 2006an 28 garezur aztertu zituzten, itxura eta tamaina desberdinetakoak eta hazkuntza lerro bat osatu zuten haietako hamarrekin. Txikienak 38 cm luze ziren eta adar txiki tenteak zituen. Gazteek adarrak eta gola atzerantz kurbaturik zituzten. Azkenik, helduek adarrak aurrerantz begira zituzten eta gola zapala. Adinarekin triceratopsaren itxura aldatu egiten zela frogatu zuten horrela, hortik aurkituriko garezur aniztasun handia.

Atzeko golaren eta adarren funtzioa

Eztabaida gogorrak izan dira elementu hauen funtzioaren inguruan. Atzeko golaren inguruan Lull-ek mastekatzeko giharrak txertatzea izan zitekeela esan zuen, potentzia handiagoa lortzeko. Urte askotan onartua izan bazen ere ez da txertatze egitura berezirik aurkitu. Gorputzaren tenperatura erregulatzeko erabiltzen zuela ere proposatu izan da. John R. Hornerren eta Mark Goodwinen ikerketa hark heldutasun maila identifikatzeko ere balioko zuela pentsatzen da.

Adarrei dagokienez, bi hipotesi nagusitu dira: borroka eta gorteiatzea. Jakina da Tyrannosaurus inguruko harrapari handiena zela eta zenbait dinosauroren artean, triceratopsa ere ehizatzen zuela. Hainbat fosilek erakutsi dituzte tiranosaurioaren horzkadak. C. H. Sternberg-ek 1917an adarrak harrapariei aurre egiteko babes egiturak zirela proposatu zuen lehen aldiz eta Robert Bakkerrek berdin egin zuen handik 70 urtera.

Ilustrazioetan sarritan ikusi izan dira Triceratopsak elkarren artean borrokan adarrak gurutzaturik, gaur egun hainbat animaliak egiten duten antzera, ez dago adostasunik horretarako erabiltzen ote zuten. Dena dela, Davitashvilik 1961ean proposatu zuen erakusketa sexualaren teoriak gero eta onarpen handiagoa du.

Paleoekologia

Hell Creek Formazioko dinosauro esanguratsuenak.
Hell Creek Formazioko dinosauro esanguratsuenak.

Triceratopsa Ipar Amerikako mendebaldean bizi izan zen Kretazeo Berantiarrean, Maastrichtiar estaian. Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa baino pixka bat lehenago agertu zen, duela 68 milioi urte inguru. Evanston, Scollard, Laramie, Lance, Denver eta Hell Creek Formazioetan aurkitu dira fosilak.

Eremu azpitropikala zen, klima epel eta hezekoa. Florari dagokionez, angiospermak nagusi ziren eta tarteka metasekuoiak eta araukariak ere zeuden.

Harrapari nagusia Tyrannosaurus rex zen eta Ornithischia ordeneko dinosauro ugari ere baziren, hala nola ankylosaurioak, ornithopodoak, ceratopsidoak eta pachycephalosaurioak. Ugaztunak ere baziren eremu horretan.

Triceratopsa egungo kulturan

Hiru adarreko dinosauroa izanik, film askotan ageri da. Ezagunenak Jurassic Park eta The Land Before Time (edo "Haran galduaren bila") dira.

1942an Charles R. Knight artista estatubatuarrak Natur Historiako Field Museoan hormirudi famatu bat margotu zuen Tyrannosaurus eta Triceratops bana borrokan erakusten dituena. Ordutik aurrera askotan errepikatutako irudia da, eta betiko aurkarien arteko koeboluzioaren eredu gisa ere planteatu izan da, The Age of Dinosaurs dokumentalean adibidez.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.

Read next

In 77 languages

Text from Wikipedia, CC BY-SA 4.0 · Source article