

Salus (latinez: salus, "segurtasuna", "salbazioa", "ongizatea") norbanakoaren zein estatuaren segurtasunaren eta ongizatearen (ongizatea, osasuna eta oparotasuna) jainkosa erromatarra zen. Batzuetan Higia jainkosa grekoarekin identifikatu zuten, nahiz eta haien funtzioak nabarmen desberdinak izan. Erroman zuen Kirinaleko tenpluan, K.a. 302an sagaratua, abuztuaren 5ean urtero sakrifizioak eskaintzen zitzaizkion.
Augurium salutis delakoa, pertsonifikaziorik gabea, eta Salus jainkosaren sorkuntza aurrekoa izan zitekeena, errito publikoa zen, urtero egiten zena. Apaizek eta ordezkari politikoak, urtero egiaztatzen zuten ea jainkoek ongizate publikorako otoitzak onartzen zituzten. Bake egun batean egin behar zenez, errepublika berantiarreko etengabeko gerrek eten egin zuten erritu hori, baina Augusto enperadoreak berpiztu zuen. Printzealdian, jainkosa Salus Publica eta Salus Augusti izenekin agertzen zen. Txanponetan Higia bezala irudikatzen zen maiz, patera eta suge sakratuarekin, edo batzuetan ale-buruekin, oparotasunaren sinbolo.
Beraz, batzuentzat, Salus, aurretik egiten zen zeremonia batean eskatzen zena zen, gero pertsona itxura eman eta jainkosa bihurtu zutena. beste batzuentzat, aldiz, Salus, jainkosa moduan, erromatarren jainko zaharrenetako bat zen.
Bere kultua Italia osoan barrena zabaldu zen. Literatura-iturriek Fortuna eta Spes-ekin harremana jasotzen dute. Osasun Pertsonalaren Jainkosarekin, Valetudo-rekin (Hygieia arromatartua), gero eta gehiago lotu zuten. Geroago, Salus osasun pertsonalaren babesle ere bihurtu zen. K.a. 180 inguruan, Apolo, Eskulapio eta Salus-en omenezko sakrifizio-errituak egiten ziren (Livio XL, 37). Plinioren esanetan, Salusen estatua bat zegoen Konkordiaren tenpluan. Eskulapioren sugearekin lotzen hasi zen eta horren lehen testigantza K.a. 55ean M. Aciliok egindako txanpon batean dugu. Bere jaialdia martxoaren 30ean ospatzen zen.
Erromatarrek Salus ohoratu zuten tenpluekin, santutegiekin, bainuekin, estatuekin, jaialdiekin, jokoekin, eskaintzekin eta txanponekin, haien alde mantentzeko. Haren bidez, aitortu zuten higiene ona ezinbestekoa zela osasun eta ongizate onerako. Salusen tenplua, Salus Publica Populi Romani (Erromatar herriaren ongizate publikoa) bezala, K.a. 304an eskaini zuen Gaius Junius Bubulcus Brutus diktadoreak samniten aurkako gerren testuinguruan, 302ko abuztuaren 5ean inauguratu zen, eta freskoekin apaindu zen Gaius Fabius Pictorren aginduz. Erroman zuen tenplua oraindik zutik zegoen K.o. IV. mendean, tximistak bi aldiz jo bazuen ere, K.a. 276an eta 206an, eta K.o. I. mendean sute batek kaltetu bazuen ere zaharberritu aurretik.
Enperadorea eta Salus Augusta
Inperioan, Salus Salus Publica eta Salus Augusti gisa agertzen zen, azken hori inperio garaian Enperadorearen ongizatea Erroma osoaren ongizatearekin parekatzen zela uste zelako. Erromatarrek Salusi sakrifizioak egiten zizkiotenean, ez zuten kristautasunak ondorengo bizitzan eskaintzen zuen salbazioa eskatzen, baizik eta hemengo eta oraingo segurtasuna, batez ere Enperadorearentzat, haren osasunak biztanleria osoaren osasuna islatzen baitzuen. Beraz, inperioaren garian, Salusi egindako eskaintzak leialtasun politikoaren proba bihurtu ziren, ospakizunetan ez parte hartzea Enperadorearen autoritatea baztertzearen parekoa baitzen eta horrek norberaren ongizatea galtzea ekar baitezakeen, hau da, heriotza. Ospakizuna IV. mendearen amaieran paganismoa kristautasunak ordezkatu zuen arte jarraitu zuen.
Salus eta Sancus
Erroma hiriko inskripzio batean Salus Semonia izen eta epitetoarekin aipatzen da (CIL VI 309759 / EDCS-18600565), eta horrek Semoneen kategorian (Semo Sancus Dius Fidius -zinen eta konfiantzaren jainkoa- bezalako jainkoak) sartzen dela iradoki lezake.
Bi jainkoek tenplu edo santutegi (aedes) zituzten Erroman, Collis Salutaris eta Mucialis mendietan, hurrenez hurren, Kirinalaren ondoz-ondoko bi muinoetan, Alta Semita eskualdean kokatuak. Salus Semonia haziekin eta jaiotzarekin lotutako jainkosa litzateke, jaioberrien osasuna babesteaz gain, haien ongizate mentala ere babesten zuena. Hori guztia Semo Sancus jainko eta Salus jainkosaren bat-egitearen ondorio izan liteke.
Aditu batzuek ere diote Sancus jainkoari eskaintza dokumentatzen duten inskripzio batzuk aurkitu direla Collis Salutaris muinoan. Gainera, Makrobiok jainko-jainkosa bere sakraltasunean erlazionatutako hainbat jainko-jainkosen zerrenda bat egiten du, eta Salus da aipatzen duen lehena:: Salus, Semonia, Seia, Segetia, Tutilina. Jainko horiek Zirku Nagusiko bailarako antzinako nekazaritza-gurtzekin lotuta zeuden, eta nahiko ezezagunak izaten jarraitzen dute.
Dena den, nabarmendu behar da Salus Semonia K.o. I. urteko inskripzio bakarrean aipatzen dela, hamazazpi lerro dituen testu bateko azken lerroan, eta Georg Wissowa, Eduard Norden eta Kurt Latte aditu alemaniarrek jainkotzat identifikatu zuten. Adituen artean adostasuna dago lerro hori geroagoko gehikuntza dela eta ezin dela ziurtasunez datatu. Gainera, hiru adituen nabarmentzen dute beste inskripzio batzuetan, Salus ez dela inoiz Semoniarekin erlazionatzen.
Beste irudikapenak
Salus askotan eserita agertzen zen hankak gurutzatuta ("securitas"-en ohiko posizioa), ukondoa tronuaren besoan bermatuta. Askotan, eskuineko eskuak patera bati (erlijio-zeremonietan erabiltzen den plater azalekoa) eusten dio aldare baten inguruan kiribilduta dagoen sugeari jaten emateko. Sugea altxatzen da eta burua paterara makurtzen du. Batzuetan eskua zabalik eta hutsik du, keinu bat eginez. Batzuetan, sugeak eta jainkosak elkar begiratzen zioten.
Batzuetan ez dago aldarerik; sugea tronuaren besoaren inguruan kiribilduta dago. Batzuetan, Salusek ezkerreko eskuan makila altu bat du, suge bat kiribilduta duena; batzuetan, eskuineko eskuak emakumezko irudi txikiago bat altxatzen du. Geroago, Salus zutik agertzen hasi zen, bere sugeari jaten ematen. Hori bihurtu zen jarrera ohikoena: zutik eta suge bihurritua besoaren azpian sendo heltzen, beste eskuan plater batean duen janarira zuzenduz. Jainko eta jainkosa erromatarren irudietan, Higia-Salusena da bere eskuan sugea eramaten gehienetan agertzen dena. Gutxitan, Salusek ezkerreko eskuan arraun bati eusten dio, enperadorea bizitza osasuntsu batetik gidatzeko zuela adierazteko. Ikonografia hori, berez, Fortunarena zen, baina Saluentzat kopiatuta agertzen da.
Kolonia, Woodchester eta Mainzeko hiru estatuak, zezen baten buruaren gainean zutik dagoen jainkosa bat irudikatzen dute. Jainkosaren identifikazioa denbora luzez eztabaidatu zen. 2020an Mainzeko portu-eremuan eraikuntza-lanetan, estatua horietako bat aurkitu zen. Lehenengoa eta bakarra izan zen oinarrian Salus bezala irudikatutako jainkosa izendatzen zuen inskripzio bat zeramana. Zezenaren burua ziurrenik oparotasuna sinbolizatzen zuen sakrifizio-animalia bat zen. Tokiko kultu bat adierazten du.
Kanpo estekak
- Rodríguez, Adrián T. (2017-07-13) “Calendario religioso romano: Augurium Salutis –5 de agosto-” Arcana mundi
