factograf
EU
Sign in

Open Shortest Path First

Open Shortest Path First (OSPF) barne-pasabideko bideratze-protokoloa bat da, lotura-egoeran oinarritutako algoritmoa erabiltzen duena, ingelesez Internal Gateway Protocol (IGP) deritzona. Praktikan, sistema autonomo batean dauden bi nodoren arteko biderik aproposena kalkulatzeko erabiltzen da.

Ezaugarri nagusiak

OSPF protokoloak ez du TCP edo UDP bezalako garraio-protokolorik erabiltzen, baizik eta informazioa IP pakete batean kapsulatzen du zuzenean, beraren IP protokolo zenbakia 89a izanik. Esandakoak bereizten du Bideratze Informazio Protokoloa (RIP) bezalako bestelako bideratze-protokoloetatik, OSPFk errore-detekzioko eta errore-zuzenketako mekanismoak inplementatzen dituen garraio-geruza propioa izatea ahalbidetzen duelako. Bestetik, informazioa sarean zehar banatzeko, multicast bideraketa erabiltzen du, horretarako helmugako IP helbide gisa 224.0.0.5 edo 224.0.0.6  hautatuz.

Sare baten tamaina handitzean, handitu egiten dira, halaber, datu-baseen tamaina, bideratze-erabakiak hartzeko behar den denbora eta mezu-kopurua; zenbat eta sarearen tamaina handiagoa izan, hainbat eta kaltegarriagoak dira faktore horiek. Arazo horri konponbidea emateko, OSPFk zatitu egiten du sarea elkarri lotutako azpisareetan, eraztun tronkal baten bidez, azpisare bakoitzak sare independente baten portaera edukiz. Modu horretan, alboratu egiten du datu-base handi bakar baten beharrizana, sarea datu-base anitzen bidez kudeatuz eta azpisare bakoitzeko datu-base bat egonik. Hartara, nodoek edozein aldaketaren ondorioz azkar gaurkotuko den sare-mapa bat mantentzen dute. Horrez gain, uholde-mekanismoak azpisarearen mugaraino soilik helarazten ditu mezuak.

Azpi-protokoloak

OSPF protokoloa hiru azpiprotokoloz dago osatuta: Hello, Exchange eta Flooding izenekoez, hain zuzen. Hello protokoloak loturak ea operatibo dauden baieztatzeko balio du. Exchange protokoloa, aldiz, datu-baseen hasierako sinkronizaziorako erabiltzen da. Azkenik, Flooding protokoloa ibilbideen gaurkotzeari buruzko informazioa bidaltzeko erabiltzen da, baita datu-baseak sinkronizaturik mantentzeko ere, baina soilik lotura baten egoera aldatzen denean.

OSPFren eta RIPren arteko desberdintasuna

OSPFren eta RIPren arteko desberdintasunik nabarmenena tamainan dago, zeren RIP sare txikietarako erabiltzen den bitartean, OSPF sare handiagoetarako erabiltzen baita. Horrez gain, OSPF protokoloa RIP baino askoz konplexuagoa da, kudeaketarako informazio gehiago behar duelako eta inplementazioek kode luzeagoa dutelako.

Oro har, lotura-egoerako protokoloek beharrizan handiagoak dituzte, hala nola memoria, CPU eta banda-zabalera handiagoa hasierako startupean. Hartara, zergatik erabili hain konplexua den protokolo bat? Arrazoia, sare-bideratzeak duen garrantzian datza, horretarako OSPF askoz eraginkorragoa baita, ibilbideak hobeto kalkulatzen dituelako eta mezu gutxiago erabiltzen dituelako.

Read next

In 44 languages

Text from Wikipedia, CC BY-SA 4.0 · Source article