factograf
EU

Matriarkatu

Matriarkatu

Matriarkatua emakumeak gizartearen boterea izan duen gizarte-antolaketa da. Oso antzekoa da, ginekokrazia kontzeptua, baina azken hori, zehazki, gobernu forma bat deskribatzen du.

Matriarkatua eta matriarkalismoa ez dira gauza bera. Matriarkalismoa matriarkaturanzko joera da, baina emakumeak botererik eduki gabe.

Merrian Webster erreferentziazko estatubatuar hiztegian, bi definizio ematen ditu ditu matriarkatua sarrerarentzat. Batetik, familia, talde edo estatu bat, matriarka batek gobernatua da. Bestetik, gizartea antolatzeko sistema bat da, non emakumeen lerroaren bidez ondorengotza eta oinordetzak marrazten diren. Baina bigaren definizio horrentzat, antropologo askok "Matrilineal" izenaz erabiltzen dute.

Historia

Irokarren batzarra "Animali mistikoen sozietatea" 1900. urte inguran. Morganek irokarren familia harremanak ikertu zituen.
Irokarren batzarra "Animali mistikoen sozietatea" 1900. urte inguran. Morganek irokarren familia harremanak ikertu zituen.

Esaten da matriarkatuaren teoria Johann Jakob Bachofen legelari eta antropologo suitzarrak sortu zuen 1861ean “Das Mutterrecht: eine Untersuchung über die Gynaikokratie der alten Welt nach ihrer religiösen und rechtlichen Natur” (Matriarkatua, Antzinako munduko ginekokraziari buruzko ikerketa, bere izaera erlijioso eta juridikoaren arabera liburua argitaratu zuenean. Liburu hartan, herentzia femeninoa eta emakumearen ondoretza kasuak biltzen zituen. Bera izan zen matrilinealismoa behatzen lehena. Datu horiek interpretatuz, gizarte matriarkal bat egon zenaren hipotesia eraiki zuen eta horretarako mitologia grekoa kontuan hartu zuen. Mitotik errealitatera jaitsiz, bizitza sozial eta familiarraren 3 estadio egon zirela ondorioztatu zuen: Hetairismoa, Matriarkatua eta Patriarkatua.

Hiru etapa horietan gizonen boteretik emakumeen boterera igarotzen da eta azkenik berriro ere gizonek boterea berreskuratzen dute. Matriarkatua egon zen garai horretan, boterea emakumearen eskuetan egon zela uste zuen, hau da, ginekokrazia zorrotza izan zela.

Lewis Henry Morgan (1818-1881) estatubatuarrak, Systems of Consanguinity and Affinity of the Human Family (Giza familiaren odol-ahaidetasun eta ezkontza-ahaidetasun sistemak) eta Ancient Society; or, Researches in the Lines of Human Progress from Savagery, Through Barbarism to Civilization (Antzinako gizartea; edo, giza aurrerapenaren lerroetan ikertzen du basatitasunetik basakeriaraino) idatzi zituen. Liburu horretan, Morganek, Marxen lan teorikotik aparte, materialismo historikoa antropologian aplikatzen du, zehazki, familiaren garapen historikoaren azterketan. Morganen aurretik, zientzia menderatzaileak esaten zuen familiak ez zuela inolako aldaketarik jasan, beti berdina izan zela, funtsean horrela zegoelako Eskritura Santuetan: aita, ama eta seme-alabak, non aitak duen leku nagusia. Morganek, irokarrak aztertu zituen eta proposatu zuen beti ez zela horrela izan, familiaren antolaketa modu desberdinean egituratu dela beharren, garapen teknologikoaren eta naturaren arabera. Matriarkatua bere zentzu indartsuenean ulertzen zuen, eta ondorio horietara iristeko datu etnografikoak erabili zituen eta senidetasun terminologiak hartuko zituen oinarritzat. Halere Morganek egindako eboluzio historikoaren antzeko eskema ezarri zuen: sistema amatarra, amatar-aitatarra eta aitatarra.

Morganek zioen garapen teknologikoaren etapak eredu kultural desberdinen sekuentzia bati lotuta zeudela. Adibidez, familiak sei etapatan eboluzionatu zuela pentsatu zuen. Gizartea "promiskuitatean bizi zen" horda gisa hasi zen, debeku sexualik eta benetako familia-egiturarik gabe. Hurrengo etapan, anai-arreba-talde bat ezkonduta zegoen, ahizpaorde-talde batekin. Hirugarren etapan, taldekako ezkontza egiten zen, baina anai-arrebei ez zitzaien ezkontzeko baimenik eman. Laugarren etapak beste pertsona batzuekin bizi ziren gizon-emakumeak zituen ezaugarri. Hurrengo etapan, senarra buru zuen familiak sortu ziren; senarrak emazte bat baino gehiago izan zezakeen aldi berean. Azkenik, zibilizazioaren aroaren bereizgarria familia monogamoa da, emakume eta senar bakar batekin, maila berdinekoak.

Morganek uste zuen famili unitateak gero eta txikiagoak zirela eta gero eta burujabeagoak zirela gizartea garatu ahala. Familiaren bilakaerari buruzko bere sekuentzia postulatua, ordea, ez da oinarritzen bere garaitik bildu diren datu etnografiko ugarietan. Adibidez, Morganek basatitzat joko lukeen azken gizarterik ez dago taldeko ezkontzan, ezta neba-arrebei ezkontzen uzten dienik ere.

Antropologo horiek eskema ebolutibo baten arabera antolatu zituzten gizarteak: toki guztietan garapena lerro bakarrak eta danentzat berdinak gidatzen zuen: erabateko promiskuitatetik, matriarkatu eta talde ezkontzetara, eta azkenik, monogamiara, gizona buru delarik.

Bachofen eta Morganen lanak Friedrich Engels-en oinarri bihurtu ziren. Aleman teorikoak Familiaren jatorria, jabetza pribatua eta Estatua idatzi zuen, eta eboluzio ekonomikoarekin erlazionatu zuen familiaren eboluzioa, matriarkatua garai historiko zehatz bateko ezaugarriekin egokitzen saiatuz. Matriarkatutik patriarkatura gizarte sistema barbaroak garatu, zibilizatu eta bere eboluzioaren une gorenean bakarrik emango da, alfabeto idazkera, burdin fundizioa eta gens-aren propietate pribatuak eragindako soberakinekin bat eginez.

Bachofen, Morgan eta Engels bezalako marxistentzat, baita, Euskal Herrian, Federiko Krutwig, Ortzi (Francisco Letamendia) eta Txema Hornillarentzat ere matriarkatua emakumeen boterea eta supremazia dira. Patriarkatuaren aurreko estadio beharrezkotzat jotzen dute, zeinek eboluzioaren etapa bat osatzen duen beste ezaugarri sozial eta kulturalarekin batera.

Edward Burnett.Tylor (1832-1917) antropologo britainiarrak, bere aurreko ikerlariekin dogma eboluzionista partekatzen du. Hau da, matrilinealitatea eta patrilinealitatea ez dira ezaugarri isolatuak, aldiz, ezaugarri horiek konplexu organiko baten osagarri direla iritzi zuen. Baina Tylorrek azaldu zuen gizarte matrilinealak ez duela emakumearen autoritatea adierazten, eta horregatik, matriarkatua hitza alde batera utzi zuen. Pegy Reeves Sandayren arabera, nahiz eta antropologo gehienek matriarkatua terminoa J. J. Bachofen (1861) eta L. H. Morgan (1851; 1877) lanekin lotzen duten, E. B. Tylor (1896) izan zen terminoa "familia matriarkalaren sistema" izeneko artikulu batean lehen aldiz erabili zuena. Tyloren (1896: 82) artikulu horren muina "antzinako ama-sistema handiaren historia eta esanahia" zen, eta, haren arabera, John Ferguson McLennanek (1865) lehen aldiz nabarmendu zuen bere "Primitive Marriage (Eztei primitiboa)" lanean. Tylorren arabera, McLennanek ikerlari-arteko eztabaida handia piztu zuen, "onartuta zegoen patriarkal ikuspegia" hankaz gora jartzeko asmoa zuen teoria bat proposatu zuelako. Ikuspegi patriarkala zen Henry Sumner Mainek legelariak (1861) bere “Ancient Law (Antzinako legea)” liburuan aurkeztu zuena.

Tylor eta Vienako eskolakoek matriarkatua bere izaera arinenean ulertzen dute eta historiako ziklo kultural baten ezaugarri osatzaile bezala ulertzen zuten. Ziklo hori matriarkal-nekazaria da eta patriarkal-totemista-ehiztari eta patriarkal-nomada-artzainen artean egongo litzateke. Bere ezaugarriak honako hauek izango lirateke:

  • Emakumearen paper garrantzitsua gizartean eta ekonomian.
  • Emakumearen lurralde jabetza.
  • Matrilokalitatea.
  • Amaren anaiak autoritate ekintzak burutzen ditu.
  • Matrilinealitatea.
  • Gizonen elkarte sekretuak daude.
  • Ilargi Jainko femeninoa gurtzen dute.
  • Aztien matrona.
  • Hildakoen gurtza.

Euskal matriarkatua

Sakontzeko, irakurri: «Euskal matriarkatua»

Bachofen, Morgan eta Tylorren lanek Euskal Herrian ere hedatu ziren eta matriarkatuaren teoriari heldu zioten hainbat euskal autorek. Joxemiel Barandiaran eta Julio Caro Baroja Euskal Matriarkatuaren teoriaren aldekoen artean koka ditzakegu, baita azken horren ondorengo eta jarraitzaile izango ziren Andrés Ortiz-Oses, Txema Hornilla eta Francisco Letamendia (Ortzi). Autore horien eraginez 1980ko hamarkadan indar handia hartu zuen Euskal Matriarkatuaren teoriak. Mariren mitoa erabili izan da askotan Euskal Matriarkatua izan zela esateko elementu oinarrizko eta garrantzitsuenetako bezala, eta ikerlari horien lanek ere oinarri hori jaso zuten.

Kritika

Hasieratik kritikak jaso zituen Matriarkatuaren teoriak, Henry Sumner Mainek (1861) teoriaren lehen autoreei aurre egin zien patriarkatua unibertsala zela esanez. 80-90 hamarkadetan eztabaida gori-gori egon zen. Joan Benberger-ek (The Myth of Matriarchy: Why Men Rule in Primitive Society, 1979) mitoa eta teoria ez direla nahastu behar esan zuen. Euskal Herrian, Juan Aranzadi filosofo eta antropologoak, esaterako “El milenarismo vasco” (1981) liburuan teoriaren berrikuspena eta kritika egin zuen.

Feministen artean ordea, ez zen jarrera oso argirik azaldu, matriarkatuaren teoriak aldekoak nahiz aurkakoak zituen. Euskal Herrian, 1985. urtean hainbat autoreren artean osatutako eta Teresa del Vallek zuzendutako “Mujer vasca: imagen y realidad” liburuak Euskal matriarkatuaren teoria berrikusi eta kritika egin zion. Teoriak euskal nazionalismoarekin zituen harremanak aztertu zituzten, besteak beste, lan honetan eta idealaren eta benetako praktikaren arteko kontraesanak azpimarratu ziren.

Andrés Ortiz-Osesek, horri erantzunez, esaten du, berez, berak ez zuela aztertu matriarkatua (enpirikoa) baizik eta matriarkalismoa (sinbolikoa), eta bere "Aproximación hermenéutica a la mitología vasca" idazlanen, matriarkatua arbuiatzen zuela. Gainera, esaten du, alderdiek gaiari heldu ziotela, baina ez zuela bete-betean haien babesa izan, kontraesana sortzen zuelako bakoitzaren oinarri ideologikoekin. Ortiz-Osesk dio.

Gaur egun

Gaur egun, adituen talde handi batek uste du matriarkatuaren hitza emakumeek gizonak menderatu eta esplotatzen dituzten komunitate bat definitzeko soilik erabil daitekeela, baina ez boterea beraiekin partekatu dezaketenean. Eta ez dago ebidentzia sendorik hierarkia femenino batek gizonen bizitza eta jardueren alderdi guztiak kontrolatzen dituen gizarte bati buruz. Horregatik, historiaurreko kulturen deskribapen gisa matriarkatua terminoa arbuiatu egiten da gehienbat.

Animalia matriarkalak

Zenbait espezie daude matriarkatua erabiltzen dutenak antolaketa mota gisa, hala nola, Inurriak (inurritegiaren burua erregina da); erlea (Burua erregina da.); bonoboa; elefantea; orkak; hiena pikartak eta bisontea

Ikus, gainera

Read next

In 80 languages

Text from Wikipedia, CC BY-SA 4.0 · Source article