Antonia Kaenis (heriotza urtea K. o. 74) Antonia Gaztearen (Klaudio enperadorearen amaren) esklabu eta idazkari ohia eta Vespasiano enperadorearen bikotekidea.
Bizitza

Ez dakigu haren jaiotza non eta noiz izan zen, baina uste da, beharbada familia zuela Istrian (egungo Kroazian), egin zuen bidaia batengatik.
Antonia Gaztearen esklabua zen, alegia, Tiberioren koinata eta Klaudio enperadorearen amarena.
Kaenis Antonia Gaztearen gutun pribatuez arduratzen zen. Dion Kasioren arabera, Kaenis izan zen idatzi zuena, Antonia Gazteak diktatuta, Sejano Tiberioren garaiko prefekto boteretsua hondoratzea ekarri zuen eskutitza. Antonia Gazteak Kaenisi diktatutakoa ahazteko eskatu zionean, Kaenisek erantzun omen zion ezinezkoa zela, buruan baitzituen diktatutako gutun guztiak.
Dena den, fideltasun handia erakutsi ziolako, Antonia Gazteak askatu egin zuen eta haren seme Klaudio enperadore bihurtu zenean, gortean boterea izaten hasi zen.
30 urte inguru zituela Kaenisek, oraindik esklabu zela seguru asko, Vespasiano generalarekin ofizialtasunik gabeko harremana zeukala dakigu, contubernium izenekoa, gero enperadore izan zenaren ezkontza aurretik.. Kaenisek Vespasianoren karrera politikoa bultzatu zuen enperadorearen gortean zeukan eraginarekin.
Suetonioren ‘Hamabi Zesarren Bizitza’ liburuaren arabera, Vespasianoren emazte Domitilla Nagusiaren heriotzaren ostean, Vespasianok eta Kaenisek (jadanik, emakume aske edo libertoa izanik), haien arteko bikote harremana berreskuratu zuten eta bere emaztea izan zen de facto (izenez eta ofizialki ezin izan bazen ere), Kaenis K.o. 74. urtean hil zen arte.
Vespasianoren seme Titok ere harreman ona zuen berarekin (iturri batzuen arabera, Kaenisek Tito babestu zuen Klaudioren seme Britaniko pozoindua izan zen otorduan). Aldiz, beste anaia Domizianok ez zuen familiako kide moduan ikusten.
Emakume azkarra zen eta enperadorearen administrazioan eragina lortu zuen, bai Klaudioren garaian, bai eta Vespasianoren garaian ere. Jarduera ofizialak egiten zituen eta negozioak (aberasteko adina irabazi zuen). Etxe handia zuen Erromako via Nomentanan eta bere esklabu familia edo talde propioa, eta hauek optima patrona izendatu zuten hilobiko epitafioan.
Pertsonaia gaur egungo literaturan
Kaenis-en bizitza eta Vespasianorekin izandako maitasun istorioa nobelatu du Lindsey Davisek The Course of Honour bere eleberrian (1997).
Robert Fabbri-ren Vespasian seriean agertzen den pertsonaia ere bada (Kaenii Traziako tribuaren erregearen galdutako iloba gisa).
Robert Gravesek ere "Caenis on Incest" istorio laburrean aipatzen du Occupation: Writer bilduman.
