
Dytiscidae koleopteroen ordenako eta Adephaga azpiordeneko zenbait intsektuei esaten zaie. Urtarrak dira eta 5.000 espezie inguru ezagutzen dira.
Euskaraz ditisko eta ur-kakalardo urpekari esaten zaie.
Taxonomia
William Elford Leach zoologo britainiarra izan zen 1815. urtean Dytiscidae familia izendatu zuena. Grezierazko δυτικός (dutikós) hitzetik dator eta "urperatzeko gai" esan nahi du.
Azpifamiliak eta tribuak, generoaren adibide batzuekin. Colymbetinae subfamilia ziur asko monofiletikoa ez da izango eta aldatu beharko da.
Hauek dira azpifamiliak:
- Agabinae azpifamilia Thomson, 1867 (11 genero)
- Colymbetinae azpifamilia Erichson, 1837 (11 genero)
- Copelatinae azpifamilia Branden, 1885 (8 genero)
- Coptotominae azpifamilia Branden, 1885 (genero bat)
- Cybistrinae azpifamilia (7 genero)
- Dytiscinae azpifamilia Leach, 1815 (21 genero)
- Hydrodytinae azpifamilia K.B.Miller, 2001 (2 genero)
- Hydroporinae azpifamilia Aubé, 1836 (122 genero)
- Laccophilinae azpifamilia Gistel, 1856 (13 genero)
- Lancetinae azpifamilia Branden, 1885 (genero bat)
- Matinae azpifamilia Branden, 1885 (3 genero)
- †Liadytiscinae azpifamilia Prokin & Ren, 2010 (5 genero)
- Incertae sedis (3 genero)
| Azpifamilia | Generoa |
|---|---|
| Agabinae azpifamilia Thomson, 1867 |
|
| Colymbetinae azpifamilia Erichson, 1837 |
|
| Copelatinae azpifamilia Branden, 1885 |
|
| Coptotominae azpifamilia Branden, 1885 |
|
| Cybistrinae azpifamilia |
|
| Dytiscinae azpifamilia Leach, 1815 |
|
| Hydrodytinae azpifamilia K.B.Miller, 2001 |
|
| Hydroporinae azpifamilia Aubé, 1836 |
|
| Laccophilinae azpifamilia Gistel, 1856 |
|
| Lancetinae azpifamilia Branden, 1885 |
|
| Matinae azpifamilia Branden, 1885 |
|
| †Liadytiscinae azpifamilia Prokin & Ren, 2010 |
|
| Incertae sedis azpifamilia |
|
Deskribapena

Tamaina txikia izan ohi dute, espezie gehienen helduek 1 - 2,5 cm artean neurtzen dute. Badira handiagoak ere, Europako Dytiscus latissimus espezieak 4,5 cm har ditzake eta Brasilgo Bifurcitus ducalis espezieak 4,75 cm. Australiako Limbodessus atypicali da txikiena, 0,9 mm baino ez.
Dortsobentralki zapaldutako gorputza dute, obalatua, eta kolore marroi iluna edo oliba iluna izaten dute gehienek. Arraun itxurako atzeko hanka sendoak dituzte, aurreko bi pareak laburragoak dira. Burua pronotoan barneratuta dute.
Larbak ere luzera ezberdinetakoak daude, 1 - 5 cm artean. Zizare itxura dute eta ilargi erdi itxuran tolestuta izaten dute. Burua zapala eta karratua da eta igitai itxurako masailezur indartsuak dituzte. eta buru zabala. Atzeko muturrean bi isats izan ohi dituzte.
Bizi-zikloa
Belaunaldi bakarra ateratzen dute urtean. Espezie batzuk batzuk gai dira 5 urte edo gehiago bizitzeko.
Emeek uretako landareetan edo hondo-hondoetan uzten dituzte arrautzak. Larbak urtarrak dira eta haragijaleak. Pupazioa, normalean, uretatik kanpo gertatzen da. Horretarako larba uretatik ateratzen da eta lokazetan arrastaka iristen da pupazioa gertatuko den tokira.
Sasoi lehorra duten tokietan diapausan sartzen dira haien burua errekako sustratuak 70-90 cm lurperatuz. Udan lozorroan egoteko gaitasuna ere badute.
Ekologia

Ur ingurunetan aurkitzen dira, ur gezatan edo espezie batzuk gazikaratan ere bai. Arroka artean sortzen diren putzuetan ikus daitezke, baita aintzira handietan ere. Nekazal eremuetan zein eremu urbanoetan ikusten dira. Landaretza ugari duten urak atsegin dituzte.
Larbei "uretako tigre" ezizena ematen zaie duten apetito handiagatik. Zapaburuak eta Chaoboridae familiako larbak ategin dituzte bereziki. Harrapakinei pozoia sartzen diete masailezurrekin urdail-zukuak injektatuz. Behin liseriketa gertatu denean zukua xurgatzen dute.
Helduek, uretako koleoptero gehienek bezala, aire atmosferikoa arnastu behar dute, sabelaldearen muturrarekin uretatik kanpo hartzen dutena eta elitroen azpian gordetzen dutena. Haragijaleak dira, eta aktiboki ehizatzen dituzte uretako animaliak, zapaburuak eta arrain txikiak barne, edo sarraskijaleak dira, bestetik. Hegalari onak dira.
Iruditegia




