Adelaida Frantziakoa (frantsesez: Adélaïde de France; Versailles Jauregia, Versalles, Frantzia, 1732ko martxoaren 23a – Trieste, Italia, 1800eko otsailaren 27a) Frantziako printzesa izan zen, Luis XV.a Frantziako erregearen eta Maria Leszczynskaren laugarren alaba. Madame Quatrième (Laugaren andrea) bezala ezaguna izan zen bere jaiotzatik 1733an bere ahizpa nagusia Maria Luisa Frantziakoa (1728-1733) hil zen arte, orduan Madame Troisième (Hirugarren Andrea) bezala ezaguna izatera pasatu zen. Gero, Madame Adelaida deitu zioten 1737tik 1755era, eta gero, 1759tik hil zen arte. Bere ahizpa Sofiarekin batera, Louvoiseko dukerria zuen, iloba Luis XVI.ak emandako titulua. Madame Adelaida eta bere ahizpak Frantziako Mesdameak izenez ziren ezagunak.
Bizitza


Lehen urteak
Madame Adélaïde Frantziako hiriburuko Versaillesko jauregian jaio zen 1732an. Gurasoak Luis XV.a Frantziako erregea eta emazte Maria Leszczyńska erregina izan ziren. Bikotearen seigarren haurra eta laugarren alaba izan zen. Madame Quatrième (Laugarren Andrea) deitu zioten monarken laugarren alaba izateagatik. 1733. urtean, ahizpa zaharrena, Maria Luisa, hil zenean, Madame Troisième (Hirugarren Andrea) izenez deitzen zioten. Gortean beraren eta ahizpen mantenua aurrezteko neurri gisa, eta, zalantzarik gabe, baita Maria erreginaren eragina mugatzeko ere —bere ondorengo ugari alboan edukitzeak areagotu zezakeen eragina—, Fleury kardinalak proposatu zuen Luis XV.aren alaba gazteenak, Adelaide, Victoria, Sofia, Teresa eta Louise Marie, Fontevraudeko abadian haztea. Printzesak 1738ko ekainaren 6an irten ziren Versaillestik, altzariekin eta eskolta militar batek lagunduta. Marie Adélaïde ere haraxe eraman behar zuten, baina aitari egindako erregu bati esker —bazekien zelan eragin—, gortean geratzen utzi zioten.
Tallardeko dukesa zen María Isabel de Rohanen zaintzapean jarri zuten Adelaida, eta haurtzaroa Versaillesen eman zuen Madame Luisa (1739an Parmako Felipe I.a infantearekin ezkondu zena), Madame Enriketa eta Luis Frantziako dofinarekin. Aitak asko maite zuen eta dibertitu egiten zen Madame Torchon deituz ("Oihal andrea"), etxeko lanak maite zituelako. Hala ere, hiru neskak Luis nebaren itzalpean bizi izan ziren.
Bizitza Versaillesen
Adelaida ez zen inoiz ezkondu. 1740ko hamarkadaren bukaerarako, printzesak normalean ezkontzen ziren adinera heldu zenean, ez zegoen Europan balizko ezkontiderik, eta gurago izan zuen ezkondu barik geratu, monarka edo tronu baten oinordeko ez zen norbaitekin ezkondu baino. Contiko printzearekin eta Frantzisko Xabier Saxoniakoarekin ezkontzea proposatu zen, baina ez ziren ez errege ez oinordekorik. Izaera bizia zuen, eta benetako familia-burua zen ahizpentzat. Jesuitak biziki defendatuz, Parlamentuaren kontra egin zuen. Alferrik ahalegindu zen printzesa ere, bere ahizpa eta dofinarekin batera, Luis XV.aren eta Madame de Pompadourren arteko harremana apurtzen.
1750eko hamarkadaren hasieran, Madamer de Pompadourren osasunak okerrera egin zuenean, Adelaida aitaren lagunik kutunena bihurtu zen aldi batean, eta askotan berarekin joaten zen zaldian paseatzera, eta berarekin solasean dibertitzen zen. Harreman berriak intzestu-harreman baten zurrumurruak eragin zituen. Halaber, zurrumurrua sortu zen Adelaida Luis de Narbonne-Lara kondearen (1755ean jaioa) benetako ama zela esanez, eta aitarena zela. Hala ere, ez dago inongo frogarik zurrumurruak egiazkoak zirela adierazten duenik, eta Adelaidak aitarekin zuen harreman estua, edonola ere, aldi baterakoa izan zen. Adelaida, anbizio politikoa zuen ahizpetako bakarra zen, eta aitaren, nebaren eta azkenik bere iloba izan zen Luis XVI.aren bitartez eragina lortzen ahalegindu zen, Luis Filipe II.a Orleanseko dukearekin batera amabitxia izan zelarik. Enriketa printzesaren heriotzak eta dofinaren ondorengo heriotzak (bereziki elkartuta sentitzen zen) asko eragin zioten, eta musikan, gainerako ahizpek bezala, bizitzeko benetako arrazoia aurkitu zuen.
Neba dofina (1765) eta honen emaztea (1767), Maria Josefa Amalia Saxoniakoa, hil zirenean, Adelaida haren dokumentuen eta ilobaren etorkizuneko erregeari zuzendutako instrukzioaren gordetzailea bihurtu zen. Dokumentazioa 1774ko maiatzaren 12an zabaldu zen, familia-kontseilu txiki batean, Luis XVI.a bertan zela. Hiru pertsona izendatzen zituen, bat aukeratzeko, lehen ministro kargua hartzeko: Maurepas, d´Aiguillon dukea eta Machault. 1770 urtean, Adelaida eta ahizpak sorgin zahar mingotsak deskribatuak ziren, geletan txutxu-mutxuka eta ehuntzen pasatzen omen zituzten egunak. Oso gutxitan behar bezala jantzita, geletatik irtetean kapa soil batez estalita.
Maria Antonieta artxidukesa Frantziako emakume-dofina bihurtu zenean (1770), bere alde jartzen saiatu zen, Madame du Barryren kontra, baina amak, Maria Teresa I.a Austriako enperatrizak, aliantza horren aurka egin zuen (nahiz eta emakume-dofinak faboritoaren aurkako borrokan are sutsuago jarraitu).
Frantziatik ihesi eta heriotza
Frantziako Iraultza hasi zenean, Adelaidak Versailles utzi zuen, Victoria ahizparekin; aitak oparitutako Bellevue jauregian kokatzea erabaki zuten, eta ez Tuilerietan atxikiak izateko beldur ziren eta. 1791ko otsailaren 20an Elizaren aurkako legeek Frantziatik ihes egitera bultzatu zituzten, Italiara joateko. Haien irteerak zirrara eragin zuen eta egun batzuetan Arnay-le-Duc-en atxilotu zituzten. Iloba Klotilde Frantziakoa, Luis XVI.aren arreba, Turinen bisitatu ostean, 1791ko apirilaren 16an heldu ziren Erromara. Baina Napoleon Bonaparte boterera igotzeak eta bere konkistek urrunago ihes egitera behartu zituzten, Napolira (1796) joan ziren, gero Korfura (1799) eta azkenik Triestera.
Heriotza
Triesten lehenengo ahizpa Victoria hil zen eta handik urtebetera, 1800eko otsailaren 27a bera. Gorpuak Luis XVIII.ak eraman zituen eta Saint-Deniseko Basilikan lurperatu zituzten.
Herri kulturan
Frédéric Lenormanden Les Princesses vagabondes (Printzesa ibiltariak) maitasun-istorioa Mesdamesek Italian 1791 eta hil arteko erbesteratzean oinarrituta dago.
Iruditegia




