factograf
EU

Lehendakari

Lehendakari

Artikulu hau orokorrean karguari buruzkoa da; bereziki Eusko Jaurlaritzakoa gaitzat duena beste hau da: «Eusko Jaurlaritzako lehendakaria»; eta Nafarroako Foru Erkidegoko gobernukoa: «Nafarroako Gobernuko lehendakaria».

Lehendakaria edo presidentea erakunde publiko nahiz pribatu bateko, enpresa bateko, elkarte bateko edo, oro har, talde bateko burua da.

Lehendakari edo presidentea, errepublika batean, estatuburu da; beste zenbait sistematan, berriz, gobernuburu da.

Izenak

Presidente (latinezko praesidēns, «aurrean esertzen den») lehendabizikoz Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioan erabili zuten eta harrezkero munduan zehar erabili dute.

Lehendakari hitza XX. mendearen hasieran sortutako neologismoa da, Euskadi, eusko eta Jaurlaritza bezala. Lehendabiziko hitzaren hasierako zatiari -ari atzizkia gehituz sortu zen, eta, hasieratik bertatik, edozein erakundetako (publikoa nahiz pribatua) edo taldetako burua izendatzeko erabili da. Hartara, Orotariko Euskal Hiztegiko lehenengo adibidea (1911. urtekoa) hauxe da: «Euzko-Antzerti-Bazkunaren Lendakarijari» (Euskal Herriko Antzerki Elkartearen lehendakariari).

Zenbait lehendakari mota

Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria elkargo horretako kontseilua eratzen duten udal hautetsiek (gaur egun, 232) hautatzen dute. 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, lehendakaria Jean Rene Etxegarai da.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Sakontzeko, irakurri: «Eusko Jaurlaritzako lehendakaria»

1936an Eusko Jaurlaritza sortu zenez geroztik, euskaraz lehendakari titulua eman izan zaio erakunde horren buruari, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuburuari. Lehendakaria lau urterako hautatzen du Eusko Legebiltzarrak. Kargu hori bete duenari betiko lehendakari izendapena mantentzeko ohitura izan da. Horrela, esate baterako, «Jesus Maria Leizaola lehendakaria» edo «lehendakari zaharra» esan eta idatzi izan da, gizonak kargua aspaldian utzita zuenean ere.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Gobernuko lehendakaria»

Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuburua da, Nafarroako Foru Hobekuntza onartu zenetik. Lehendakaria lau urterako hautatzen du Nafarroako Parlamentuak.

Errepublikako lehendakaria edo presidentea

Errepublikak diren herrialdeetako gobernuetan —adibidez, Frantziako Errepublikan—, estatuburuak lehendakari edo presidente titulua du. Oro har, herritarrek hautatzen dituzte hauteskundeetan, eta parlamentuak hautatzen ditu lau-zortzi urte bitarterako (herrialdearen arabera). Frantziako Errepublikan, bost urterako hautatzen dute.

Gobernuko lehendakaria edo presidentea

Monarkia parlamentarioa duten herrialde batzuetan —adibidez, Espainiako Erresuman—, lehen ministroari Gobernuko lehendakari edo Gobernuko presidente titulua ematen zaio.

Read next

In 150 languages

EuskaraAfrikaansአማርኛaragonésÆngliscالعربيةܐܪܡܝܐمصرىasturianuаварअवधीazərbaycancaتۆرکجهбашҡортсаBatak Tobaбеларуская (тарашкевіца)беларускаяBetawiбългарскиभोजपुरीbamanankanবাংলাbrezhonegbosanskiбуряадcatalàChavacano de Zamboanga閩東語 / Mìng-dĕ̤ng-ngṳ̄нохчийнکوردیčeštinakaszëbscziчӑвашлаCymraegdanskDeutschΕλληνικάEnglishEsperantoespañoleestiفارسیsuomivõrofrançaisNordfriiskFryskGaeilge贛語kriyòl gwiyannengalegoGaelg客家語 / Hak-kâ-ngîעבריתहिन्दीhrvatskihornjoserbsceKreyòl ayisyenmagyarհայերենinterlinguaBahasa IndonesiaIlokanoIdoíslenskaitaliano日本語JawaქართულიQaraqalpaqshaKumoringGĩkũyũқазақша한국어къарачай-малкъарkurdîкыргызчаLatinaLimburgslingálalietuviųlatviešuमगहीBasa Banyumasanолык мариймакедонскиമലയാളംмонголमराठीBahasa Melayuမြန်မာဘာသာNāhuatlनेपालीNederlandsnorsk nynorsknorskNouormandoccitanOromooиронਪੰਜਾਬੀPapiamentupolskiپنجابیپښتوportuguêsRuna Simiromânăрусскийрусиньскыйсаха тылаScotsسنڌيsrpskohrvatski / српскохрватскиSimple EnglishslovenčinaslovenščinaGagana SamoaSoomaaligashqipсрпски / srpskisvenskaKiswahiliSakizayaతెలుగుтоҷикӣไทยትግርኛTürkmençeTagalogTürkçeтатарча / tatarçachiTumbukaTwiудмуртукраїнськаاردوoʻzbekcha / ўзбекчаvènetoTiếng ViệtWinaray吴语მარგალურიייִדישYorùbá文言閩南語 / Bân-lâm-gí粵語中文isiZulu

Text from Wikipedia, CC BY-SA 4.0 · Source article