Moreako Despoterria (grezieraz: Δεσποτάτο του Μορέως, Despotâton toû Moréōs), Mistrako Despoterria (grezieraz: Δεσποτάτο του Μυστρά, Despotâton toû Mystrâ) ere deitua, Bizantziar Inperioaren barruan zegoen greziar erakunde politiko autonomoa izan zen. 1348ko amaieran edo 1349ko hasieran Joan VI.a Kantakuzeno enperadoreak bere seme Manuelentzat despoterria printzerri partikular gisa sortu zuen. Hala ere, ondorengo Bizantzioko gerra zibilak, Kantakuzeno dinastiapeko Morea Konstantinoplatik independentea zen egitatezko estatua bihurtu zuen. Ondoren, 1383an, Bizantziar Inperioa gobernatzen zuen Paleologo dinastiak, bere autoritatea eskualdean ezartzea lortu zuen, Moreako Despoterria, Konstantinoplaren politikarekin estuago lotzea eragin zuena.
Eskuarki, bizantziar enperadorearen seme batek edo gehiagok gobernatzen zuten estatua, hauek despota titulua zutelarik. Estatu autonomo honetako hiriburua Mistra hiri gotortua zen, antzinako Espartatik gertu kokatua eta XIV. eta XV. mendeetan bizantziar kultura eta boterearen gune garrantzitsutzat hartua.
1453an Konstantinoplaren erorialdiaren ondoren, Moreako Despoterria, Trebisondako Inperioarekin batera, oraindik otomandar domeinuan sartu ez ziren greziar azken estatuetako bat izan zen, otomandar turkiarrek 1460an konkistatua izan zen arte, Trebisonda baino urtebete lehenago.
